Atzealdea

Anne Lukin eta Ainhoa Larrañaga izango dira Gipuzkoan Gazte Tour programako Eibarko saioko kartelburu

Arrasate, Zumarraga eta Andoaingo saioetan sarrera guztiak agortu ondoren eta Hondarribiako saioaren arrakastaren ostean, Eibarren egingo da Gipuzkoan Gazte Tour programako bosgarren jardunaldia, abenduaren 11n.

2021·12·03


​“Gipuzkoan Gazte Tour” musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen dituen programa bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat eragile eta udalerrirekin lankidetzan antolatzen duena. Aste honetan aurkeztu da Gipuzkoan Gazte Tourraren hurrengo ekitaldia, zeina abenduaren 11n egingo baita Eibarren, Coliseo antzokian.  Isaac Palencia Gazteriako zuzendari nagusiarekin batera Jon Iraola Eibarko alkatea eta Ander Curiel gazteria zinegotzia izan dira aurkezpenean.

Isaac Palencia, Gazteriako zuzendari nagusia: «programazio bat prestatu dugu, finkatutako artistak tokiko artistekin uztartzeko, eta, horrela, lurraldean daukagun talentua sustatzeko. “Gipuzkoan Gazte Tour” programaren lehenengo zatiak arrakasta ikaragarria izan du, eta espero dugu geratzen diren hiru hitzorduetan ere bide beretik jotzea».

Bestalde, Eibarko alkate Jon Iraolak adierazi duenez, “pandemia erronka handia da kultura-jarduerak antolatzeko orduan. Hala ere, azken hilabete hauetan frogatu da kultura segurua dela esparru mugatu eta kontrolatuetan egiten bada, esparru horietan osasun-neurriak zorrotz betzen direla bermatuta. Hori dela eta, oso albiste ona da aurten ere Gipuzkoan Gazte Tourraren  bira Eibarren izango dugula jakitea, ikusle gazteen artean hainbeste ikusmin sortzen duen ekitaldia eta gure herriko artistak ezagutzera emateko aukera ezin bikainagoa”.

“Gipuzkoan Gazte Tour” programaren aurtengo edizioak aurrera jarraitzen du. COVID-19aren pandemiaren ondorioz 2020an geldialdi bat izan ondoren, berriro ere abian da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen aisialdi aktibo eta parte-hartzaileko zirkuitu kultural hau.

Arrasaten, Zumarragan, Andoainen eta Hondarribian 1.800 gazte baino gehiagoren parte-hartzearekin egindako saioen ondoren, abenduan beste bi hitzordu izango dira Eibarren eta Errenterian. Eibarko bosgarren jardunaldiari dagokionez, kartela askotarikoa da, eta aldez aurretik aztertu eta elkarbanatu da sare sozialen bidez, herriko gazteen gustuak bertatik bertara ezagutzeko. Saio bakoitzean lehen mailako artistak daude, masterclass berriak, eta baita herriko talentu gazteen erakustaldiak ere.     

Goizean gazteek masterclass bat izango dute Claudia Rierarekin ('Fama a bailar'). Arratsaldeko saioan, berriz, gazteek kontzertu batez gozatzeko aukera izango dute Coliseo Antzokian; Julen artista eibartarrak irekiko du kontzertua eta Ainhoa Larrañaga eta Anne Lukin abeslari eta konpositore iruindarra izango dira ondoren.Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude, 5 eurotan. 

 

 MASTERCLASSA: CLAUDIA RIERA ('FAMA A BAILAR')

Claudia Riera Vidalek 26 urte ditu eta Lleidakoa da. 8 urterekin hasi zen dantzan eta lehiaketa taldeetan aritu zen; emaitza oso onak lortu zituen.  2018an, Movistarren «Fama a Bailar» programan parte hartu zuen, eta irtetean, dantzari gisa hasi zen Lola índigoren bideoklipetan, eta bira egin zuen Espainian eta Latinoamerikan.  Gainera, Shakirarekin egin du dantza Davis Kopan, eta Manuel Carrasco, Pastora Soler edo Blas Cantoren bideoklipetan parte hartu du, besteak beste.  Gaur egun Lola Indigorekin jarraitzen du eta bere aktore ibilbidea ere hasia du.

Eguna: abenduaren 11

Ordua: 11:30

Sarrera doan.

 

KONTZERTUAK

Eguna: abenduaren 11

Lekua: Coliseo Antzokia

Sarrera: Irekia, aretoa bete arte. 5 € 

Ordua: 18:00etatik aurrera.

 

HASIERAKO TALDEA: 

JULEN

JULEN 20 urteko Eibarko gazte baten proiektu musikala da.  Hainbat taldetan urte luzez musikan aritu ondoren, Julenek bakarkako bere proposamen artistikoa aurkezten digu.

Bere musika ezagutarazteko balio izateaz gain, proiektu honen helburua da hainbat diziplina artistikoren arteko lotunea izatea, hala nola diseinua, argazkigintza, bideoen sorkuntza, eta euskara sustatzea, espainierarekin nahastuz, eta, horrela, sonoritate berriak sortuz.

 

ARTISTA NAGUSIAK:

AINHOA LARRAÑAGA

Ainhoa Larrañaga (Hernani, Euskal Herria, 2000) gaur egun Madrilen errotuta dagoen abeslari eta aktore profesionala da.

2019an hasi zen bakarlari gisa egin zuen lehen proiektu musikala, "Eskuminak" izenekoa, Iker Laurobarekin elkarlanean ekoitzitako abestiekin.  Azkenik, 2020an kaleratuko du lehen albuma, proiektuaren izen berekoa.

Gaur egun D 'Straperlo Inc. diskoetxearekin lan egiten du, eta musika berria lantzen ari da Chickjuarez ekoizle mexikarrarekin batera.

 

ANNE LUKIN

Anne Lukin Iruñeko interprete eta konpositorea da, 18 urte besterik ez zituela Operación Triunfoko entzuleak txunditurik utzi zituen bere ahots talentu izugarriarekin eta, batez ere, konposatzen dituen kantu samurrekin. Zalantzarik gabe, etorkizunean zeresan handia emango du.

Bere bira, “Empezar” izenekoa, kantautore gazte eta talentudun honen ahots artistikoaren aurkikuntzara egindako bidaia pertsonala da, eta dagoeneko 15 milioi entzule baino gehiago liliratu ditu, besteak beste, honako single hauekin: “Quién Eres”, “Lento” edo “Volver a Mí”. Benetako-benetako kontzertua eskaintzen du, hurbila eta egiazkoa, formatu txikian pentsatua edukiera esklusiboetarako, abestien bidez Anneren nortasuna ezagutzeko aukera ematen duena.

Ikuskizuna albumari izena ematen dioten 10 abestiek eta berak idatzitako eta argitaratu gabeko beste kantu batzuek osatzen dute; albumenerako Zahara, Miss Cafeína eta Gorka Urbizu (Berri Txarrak) izan ditu lankide.  "Empezar" birak gazte honen lanaz gozatzeko aukera eskaintzen du, indie-pop eszena nazionalean erreferente diren musikari handiek lagunduta.

 

 

Jarraitu gure sareak