Atzealdea Gazte Agora: “Praktika onak” aurkezteko deialdia

Praktika Onen Foroa 2021eko apirilean egingo da eta jardunbide egokiak martxoaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dira

2021/02/23


Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko gazteen egoeraren diagnostiko txiki bat egin dute Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak Gazte Agora proiektuarekin. 2019. urtearen amaieran Donostian hasi zuten ibilbidea, eta Iruñetik eta Baionatik ere igaro dira. Ongizate materiala, euskara, hezkuntza eta gobernantza izan dira diagnostikoak landu dituen lau arloak. Diagnostikoaren txostenean, gazteen egungo egoera islatzeaz gain, gazte gisa dituzten erronka nagusiei aurre egiteko tresnak ere planteatzen dira.

 

Gazte Agora proiektuaren barruan, Praktika Onen Foroa antolatzea erabaki dute EGK-k, NGK-k eta Eusko Ikaskuntzak. Izan ere, lurraldeen arteko lankidetza-tresnak identifikatu zituztenean, gazteentzako garrantzi handiko lana egiten zuten eta azpimarratzea merezi zuten zenbait proiektu aipatu ziren. Horrela, Praktika Onen Foroak, egindako lanari balioa eman nahi dio batetik, eta bestetik, proiektu berriak garatzeko sinergiak sortu nahi ditu.

 

Praktika Onen Foroa 2021eko apirilean egingo da, unean uneko osasun-neurrien araberako baldintzak izanik, eta jardunbide egokiak aurkezteko epea martxoaren 12an bukatuko da.

 

Gazteei zuzendutako eta, ahal dela, gazteek antolatutako praktika bat garatu duen edozein dinamika aurkeztu daiteke; dena dela, orain arte Gazte Agorak landu dituen lau arloen barruan sartzen diren praktikak hobetsiko dira. Proposamena aurkezteko, praktikaren izena, erakunde antolatzailea, praktikaren deskribapena, lekua eta harremanetarako bide bat adierazi beharko dira. Proposamenak beheko estekako inprimakia betez aurkeztu beharko dira, euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez.

 

Jardunbide egokiak aurkezteko epea amaitu eta gehienez 15 eguneko epean, proiektuaren antolatzaileak harremanetan jarriko dira proposamen bat aurkeztu duten erakunde edo dinamika guztiekin.

 

 

Informazio gehiago eta bete beharreko inprimakia

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak