Atzealdea

Gipuzkoako 13.750 haurrek ehun aisialdiko jardueratan parte hartu dute uda honetan

Lurraldeko udalekin eta aisialdiko entitateekin lankidetzan aisialdiko eskaintza alternatiboa eskaintzeko beharrezkoak diren jarduketak abiaraztea erabaki zen.

2020·09·23


Harkaitz Millan Kultura eta Gazteriako diputatuak “jarduera horiek aisialdiko eskaintza hezitzailea bermatzen diete, bestela eskaintza hori eskuratzeko zailtasun handiak izango lituzketen familiei”.

 

Covid-19k sortutako egoeraren ondorioz, 2020ko maiatzaren 15ean, Kultura eta Gazteria Departamentuak erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako udaleku eta Gazte Oporraldien kanpainak bertan behera uztea. Aldi berean, lurraldeko udalekin eta aisialdiko entitateekin lankidetzan aisialdiko eskaintza alternatiboa eskaintzeko beharrezkoak diren jarduketak abiaraztea erabaki zen, jarduera horiek modu seguruan egiteko behar diren laguntzak emanez.

 

Horretarako, Kultura eta Gazteria Departamentuak haur eta nerabeentzako aisialdi hezitzaileko arduradunentzako prestakuntza plana garatu du udan. Programak prestakuntza berezia eman zien zuzendaritzari eta hezitzaile-taldeei, Covid-19k eragindako pandemiaren testuinguruan beren eginkizunei ekiteko moduari buruz. Trebakuntzaren edukiak zazpi bideo laburretan zehaztu ziren, legezko jarraibideei eta higieneari eta prebentzioari buruzko beste 9 bideotan. Udako Jardueren webgunean argitaratu ziren, eta 1.449 bisita izan zituzten.

 

Harkaitz Millan Kultura eta Gazteriako diputatuak oso positibotzat jo du jarduerak modu seguruan mantentzea lortu izana, eta azpimarratu du “funtsezkoa dela udalekin eta erakundeekin lankidetzan aritzea, haur eta gazteentzat aisialdiko aukera seguruak eskaintzen jarraitzeko”. Millanek jarduera horien garrantzia nabarmendu du; izan ere, beste modu batera, hara iristeko zailtasun handiak izango lituzketen familientzako eskolaz kanpoko eskaintza bermatzen dute.

 

Udaleku irekien garapenean udalei eta erakundeei emandako laguntzei esker, Gipuzkoako 50 udalerrik 58 aisialdiko jarduera egin dituzte udan. Bestalde, aisialdiko entitateek 19 jarduera egin dituzte eta 16 beste entitate batzuek (musika, kirola...). Jarduera horietan parte hartzeari dagokionez, Gipuzkoako 13.748 haur eta 1.676 begiralek hartu dute parte. Era berean, aholkularitza zerbitzu bat gaitu da webgunean eskaintzen diren tresna, dokumentu eta inprimakiak nola erabili argitzeko, eta lege arloko zalantzak ebazteko.

 

Aipatutako laguntza-zerbitzuez gain, departamentuak ahalegin berezia egin du udalei eta erakundeei urtero banatzen dizkien diru-laguntzak mantendu eta egokitzeko, eta jarduera guztien segurtasuna indartzeko, haurrentzako eta helduentzako 15.000 maskara, gelak, babes-materiala eta ukipenik gabeko termometroak banatuz.