Atzealdea Rap musika eta euskara lantzeko programa

Gaztematika sareak sustatutako egitasmo honen helburu nagusia da gazteekin gai desberdinak lantzea, rap doinuen erritmoan, haien artean euskararen erabilera bultzatzeko. Proiektu pilotua 2021an garatuko da Legazpi eta Zumarraga-Urretxuko gaztelekuetan.

2021/02/19


Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, gazteek hizkuntza modu naturalean eta dibertituz erabiltzea da programaren helburuetako bat.  Eta hori lortzeko, tailerrak antolatuko dira Telmo Trenor musikariarekin. Saio horiek grabatu egingo dira eta hartutako irudiekin bideoklip bat osatuko da.

 

Zuzenean rap-tailerrari ekin aurretik, nerabeekin gaiaren alderdi batzuk ukituko dira ikuspegi pedagogiko batetik, bide batez beste zehar-lerro batzuk ere landuz: inklusioa, aniztasuna, berdintasuna...

 

Legazpi eta Zumarraga-Urretxuko gaztelekuetan dagoeneko lanean hasi dira abestien letrak sortzen. Lan ederra dute aurretik: Gaia aukeratu, ideia-zaparrada egin, erritmoa bilatu, leloa sortu eta errimekin jolasten hasi.

 

Martxoan Telmo Trenorrekin tailerrak egingo dira eta gazteleku bakoitzak abesti bat sortuko du. Unean uneko osasun-gomendioen arabera, ikastaroa aurrez aurre edo on line egitera pasa daiteke.

 

Beat-Eroak 2019-2020 ikasturtean burutzeko egitasmoa zen, baina COVID-19aren eraginez etenda geratu zen. Orain, berriro ere, egitasmoa berreskuratu eta 2021eko edizioan proiektu pilotua garatuko da bi gaztelekutan. Etorkizunean Beat-eroak gazteleku gehiagotara zabaltzea izango da erronka.

 

Informazio gehiago, hemen!

 

#BeatEroak

 

 

 

Jarraitu gure sareak