Atzealdea

Parte hartu “Gure txaloak zuretzat” ekimenean!

Erakutsiguzu krisialdi honetako zure alderdirik onena, eta zozketa batean parte hartu.

2020·05·15


11 eta 25 urte bitarteko adina al duzu? Orduan zure bila gabiltza. Badakigu itxialdian zein lehendabiziko irteeratan zure onena ematen ari zarela eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak “Gure txaloak zuretzat” ekimena martxan jarri du, konfinamendu-garai honetan izaten ari zaren jarrera bikain hori erakutsi, txalotu eta nolabait saritu nahi dugulako.

 

Nola parte hartu dezakezu “Gure txaloak zuretzat”-en?

Bizitzen ari garena ez da erraza inorentzat, ezta zuretzat ere: bat-batean dena eten, eta etxean geratu behar! Orain, berriz, kalera irten zaitezke, baina ez nahi duzun moduan. Eta, hala ere, egoera zailenean ere zure onena ematen dakizu. PRIMERAN ari zara!

Hori da jakin nahiko genukeena: krisi honek zertara bultzatu zaituen, zugan zer atera duen, zure alderdi dibertigarria, pentsalaria, solidarioa, pailazoa, lasaia, sortzailea, langilea, ameslaria, sentibera, arrazoizkoa, bihurria, aktiboa, hausnartzailea, dinamikoa, lagunkoia... Badakigu asko duzula esateko eta, beraz, animatu eta erakutsiguzu zure argazkia, poema, marrazkia, collage-a, istorio laburra, nahi duzuna... hori guztia kontatzeko.

Parte hartzea oso erraza da. Bakarrik argazki bat atera behar diozu zure lanari (argazkia denean salbu) eta, ondoren, honako formularioa bete -argazkia bertan erantsiz -.

Ekimena maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik. Parte-hartzaileak, hiru adin-tartetan  banatuko dira (11 urte arte, 12-17 eta 18-25 urte bitartean) eta, epe hori amaitzean, sariak (90 euroko kultura bonoa) emango dira adin-tarte horietako bakoitzean, zozketa bidez.

Material guztiak webgune honetan erakutsiko ditugu, bide batez, zuek, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteak txalotzeko. Eta gure sare sozialetan ere zabalduko ditugu #GazteakIrteten traolarekin.

Erraza, ezta? Ba animatu zaitez “Gure txaloak zuretzat” ekimenean parte hartzera, gure txaloak, zuentzat direlako.

Animo #GazteakEtxean #GazteakIrteten