Kirol federatua

Kirol kluben eta federazioen oinarrizko misioa da beren kirol modalitateak herritarren artean sustatzea. Kirolak gipuzkoar asko eta asko erakartzen ditu, antolatzen diren jarduerei esker. Federazioen eta kluben bitartez egiten den kirolak, gainera, kirol ohiturak sortzen ditu eta harreman sozialen eta kapital sozialaren iturri ere bada. Lehiaketako eta olgetarako jarduerek antolaketa lan handia eskatzen dute, bai eta estamentu guztien inplikazio maila handia ere (zuzendaritzak, arduradun teknikoak, arbitroak eta epaileak, kirolariak eta kirol ekitaldiekiko interesa agertzen duten ikusleak).

Gipuzkoarren % 11k federazioren baten lizentziarekin egiten du kirola: hamarretik batek baino gehiagok egiten du horren alde. Dena den, arreta jarri behar zaio gure lurraldean federazioaren baimena duten gizonen eta emakumeen artean dagoen desberdintasunari: emakumeen artean % 4,8k baino ez dute; gizonen artean, berriz, % 17,3k. Bada esperantza ematen digun datu bat, ordea: Gipuzkoako kirol federazioen zuzendaritzetan dauden emakumeen kopuruak (10) askogatik gainditzen du Europako federazioetakoa. Lehen mailako erronka bat da gizonek eta emakumeek kirolean duten parte-hartzea berdintzea.

Bestalde, harro egon gaitezke kirol federatuan dugun errendimenduagatik, nola gizonezkoak hala emakumezkoak goi mailako lehiaketetan aritzen baitira gure lurraldea txikia izan arren. Gipuzkoako klubak Estatuko liga nagusietan daude ia modalitate guztietan, eta ez hori bakarrik: tituluak lortzen dituzte eta Europako lehiaketetan parte hartzera iristen ere dira.

Gipuzkoako kirol ereduan, kirol hastapenean haurren garapena errespetatuz, harrobia lantzen dugu gure goi mailako taldeak osatzeko oinarri izan dadin, eta beharrezkoa denean kanpoko laguntzarekin indartzen ditugu. Etorkizuneko kirolari ugari sortzen da, askotariko modalitateetan. Aldundiak etorkizuneko kirolari horiek identifikatzen eta izendatzen ditu urtero, eta laguntza ematen saiatzen da, kirolean aurrera egin dezaten.

Kirol federatua emozioz beteriko mundu bat da. Egunero-egunero, milaka pertsona elkartzen dira entrenamendu, lehiaketa eta ekitaldietan, eta elkar babesten dute norberaren garapenean eta Gipuzkoaren lurralde identitatean arrastoa uzten duten taldeko ametsak erdiesteko.