BikainKI - Kirola Gipuzkoa Eraldatzen

BikainKI Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzentzen duen proiektu bat da, eta lurraldeko kirol kluben profesionalizazioa eta bikaintasuna lortzeko egiten du lan.

Lan hori hainbat dinamikaren bidez egiten da, diziplina anitzeko talde traktore baten parte-hartzearekin, zeina osatuta baitago hainbat arlotako kirol diziplina desberdinetan inplikatuta dauden profesionalekin. Bestalde, hainbat saio ireki egingo dira Gipuzkoako kirol klubetako ordezkariekin.

Ekimena bukatzeko, memoria bat idatzi eta zabalduko da. Hiru fasetan gauzatuko da:

  • Kluben errealitatea aztertzea.
  • Proba pilotu bat diseinatzea eta abiaraztea.
  • Beste kirol klub batzuei aplikatzekoa izango den eredu bat eraikitzea.

Kirola, balioen kultura bultzatzeko

BikainKI GFAren 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren barruan sortu zen. Plan horrek agerian uzten du kirolak garrantzia handia duela balioen kultura sendo bat ezartzeko eta zabaltzeko.

Horren harira, planak bost esku-hartze ardatz biltzen ditu: Kirola eta osasuna; kirola eta bizikidetza; kirola, bizitzarako prestakuntza; talentuentzako kirola, eta errendimenduko kirola: aberastasun iturri.

Orobat, honako hau argitzen du: «Osasunerako, pertsonen prestakuntza integralerako, aniztasunean bizitzeko, herritar kritiko eta askeak sortzeko, eta talenturako tresna gisa, gipuzkoarrek kirola egin dezaten sustatzeak guztiongana iritsiko den eredu bat eskatzen du». Horretarako, sei helburu erdiestea proposatzen du: pertsona guztiek kirolerako sarbidea dutela bermatzea, haien beharrei, interesei eta baldintzei erantzunez; jarduera fisikoa txikitatik sustatzea; lurraldeko kirol sistemaren oreka ekonomiko eta soziala bermatzea; kirola berrikuntza eta aberastasun ekonomikoaren motor gisa aktibatzea; kirolaren bidez ere Gipuzkoa konektatu bat lortzeko lan egitea, non kirol, gizarte eta hezkuntza eragileek, eta ehun ekonomikoak eta erakundeek elkarrekin jardungo duten, kirol bidezkoago bat lortzeko xedez.

Gipuzkoako kirol kluben eredua

Zalantzarik gabe, lurraldeko kirol klubek rol erabakigarria dute asmo horiek gauzatzeko bidean. Izan ere, egitura horietan bermatzen dira kirolari buruzko ekintza politikoak. Horregatik, ezinbestekoa da ekonomikoki eta sozialki jasangarria izango den kirol kluben eredu bat sortzea. Eredu horrek balioa emango dio gizarteari; bikaintasuna eta gauzak gero eta hobeto egiteko anbizioa izango ditu oinarri; inklusioa, berdintasuna eta justizia soziala aintzat hartu, eta etengabe bilatuko ditu gizarte plural bat lortzeko hobekuntza prozesuak.

BikainKI proiektuaren azken xedea da tresnak sortzea Gipuzkoako kirol klubek haientzat pentsatutako eredu horretarantz egin dezaten; horretarako, eredu hori egituratzen duten lau ardatz lantzen dira: pertsonekiko konpromisoa; jasangarritasun ekonomikoa, lurraldean genero berdintasunaren eragile izatea, eta pertsonen kudeaketarako prestakuntza eta gaitasuna izatea.