Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Kirolak

III Saria - Carmen Adarraga omenaldia

Beren jarrera eta ibilbideagatik nabarmentzen diren Gipuzkoako emakume kirolariei emango zaien Carmen Adarraga saria.

Kultura eta Kirol Departamentuko foru diputatu Denis Itxasok eta Kiroletako zuzendari Goizane Álvarezek beren jarrera eta ibilbideagatik nabarmentzen diren Gipuzkoako emakume kirolariei emango zaien saria aurkeztu dute.

Itxasok Foru Aldundiak berdintasunarekiko duen konpromiso tinko eta sendoa azpimarratu du, eta azaldu du Aldundiak aitortu nahi izan duela hainbat eta hainbat emakumek kirolean eta bizitzako beste arlo batzuetan egin duten lana, onena ematen eta lorpen garrantzitsuak erdiesten, borroka bikoitza eginez, eta, beraz, merezimendu bikoitza mereziz. “Uste dugu aitorpen hau bidezkoa dela eta erreferentzia izan behar dela bihar-etzi horrelako sariak beharrezkoak izan ez daitezen” esan du Itxasok.

Carmen Adarraga

Emakume horietako bat Carmen Adarraga izan zen. Gipuzkoan emakumeen kirolean aitzindari izan zena, kirola egiteko zailtasunak askoz ere handiagoak –are gehiago emakumeentzat– ziren garai haietan. Adarraga, Hernanin jaioa 1921ean, Espainiako saskibaloi selekzioko kapitaina izan zen, eta hiru aldiz Espainiako txapelduna, artean Gipuzkoan gizonezkoen saskibaloi talderik ez zegoen garaian estatu mailako lehiaketetan parte hartzen zuen talde batekin.

Baina Carmen Adarraga ez zen saskibaloira mugatu, eskubaloian estatuko txapeldunorde izan zen, eta belar hockeyko jokalari bikaina ere bai.

2019ko Carmen Adarraga sariaren irabazlea

Nieves Alzak irabazi du Carmen Adarraga saria

2018ko Carmen Adarraga sariaren irabazleak

Erraketalariei Carmen Adarraga saria eman diete emakumezkoen kirol profesionalaren aitzindari gisa

Aurten, Carmen Adarraga ezagutza erraketalarientzat izango da: 1917 eta 1980 artean Euskal Herriko pilotalekuetan profesional gisa jokatu zuten emakumeen kolektiboarentzat. Ustez, pilotalekuetan jokatzen zuten emakume haiek munduko lehen kirolari profesionalak izan ziren. Emakumeak pilotaren munduan sartzeko lehendik zenbait saio egin baziren ere; 1917an, Ildefonso Anabitarte enpresaburu donostiarrak zenbait emakume gazte Madrilera eraman eta jokatzen jarri zituen. Pilotaleku txikietan jokatzen zuten, abiadura bizian, inolako babesik gabe eta ikuskizuna ziurtatuta zegoela.

Haien arrakastaren ildotik, pilotalekuak ugaritu egin ziren, bai Espainian, bai Amerikan. Hedapen horrek pilotari gehiago eskatzen zituenez, erraketa-eskolak sortu zituzten. 15 bat urterekin etxea uzten zuten eta, pilotari trebe bihurtu ondoren, haietako gehienek familiari dirua bidali ahal izateko behar beste irabazten zuten. Emakume aitzindari haiek gaizki ikusten zituzten, oro har, Euskal Herrian, ez baitzioten garai hartako emakumearen ereduari jarraitzen. Atzerrian, ordea, haietako askok arrakasta lortu zuten eta kirolean genero-berdintasunaren aitzindari izan ziren, garai hartan zituzten zailtasunak gorabehera.

Denis Itxasok egingo die omenaldia erraketalariei datorren martxoaren 6an izango den ekitaldian. Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak sortutako Carmen Adarraga sari-omenaldiaren bidez, aintzatetsi nahi dira kirolaren munduan nabarmentzea batere erraza ez zen garaian gailendu ziren emakumeen kolektibo haren ibilbidea eta jarrera. Helburua da aintzatestea kirolaren munduan neska eta emakumeen beste belaunaldi batzuei bidea urratzen jarraitzeko urtez urte eta egunez egun lehian ari diren eta lan egiten duten emakumeak, pertsonak eta erakundeak.Ezagutza horren barruan, ehun bat emakume horien ordezkariek Ricardo Ugarte eskultorearen obra bat jasoko dute.

”Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea da, zalantzarik gabe, gaur egun borrokatzeko kausarik garrantzitsuenetakoa, kirolean eta bizitzaren arlo guztietan; baina, duela urte asko jadanik, erraketalarien adibideak, ausardiak eta adoreak, eginkizun horretan haiek onartzen ez zituen gizarte batean, emakumeari bidea eman zioten urrats erraldoi bat emateko kirol profesionalean sartu ahal izateko. Ehun bat emakume horiek, borrokalariak eta konplexurik gabeak, adibide dira gure kirolarentzat, eta lortu zutena helburu da oraindik ere arlo horretan, emakumea kirolean modu naturalean integratzeko, baita elitean ere. Ez dezagun ahaztu emakume haiek garai hartan pilotalekuetan lehiaketan aritzen ziren gizonezkoek adina edo gehiago irabazten zutela. Hain zuzen, parekatze horren alde borrokan dihardugu oraindik ere. Hortaz, emakume horiek eredu dira; kirolaren munduan karrera egin dezaten emakumeen belaunaldi berriak bultzatzen dituzten emakumeen, lanari eusten eta inspiratzen duten emakumeen eredu. Horiek guztiek lagundu egiten dute gizarte zuzenagoa, berdinagoa eta askeagoa eraikitzen”, esan du Denis Itxaso lehen diputatu orde nagusi eta Kultura eta Kiroletako foru-arduradunak.

Sari honen bidez, nabarmendu eta saritu nahi da Aldundiak berdintasunarekin duen konpromiso argia, eta aintzatetsi nahi da hainbat emakumeren lana, kirolean euren hoberena ematen dutenena eta helburu garrantzitsuak lortzen dituztenena, kirolaz haratago doazen oztopoei aurre egin behar dieten emakume horiena.

2017ko Carmen Adarraga sariaren irabazlea Mari Ayestaran

2016ko Carmen Adarraga sariaren irabazlea Coro Fuentes