Atzealdea Astialdiko begirale, zuzendari edo dinamizatzaile izan nahi duzu?

Astialdi-eskola eta federazioek antolatutako ikastaroak bildu ditu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

2019/09/25


Astialdi-eskola eta federazioek antolatutako ikastaroak bildu ditu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

Astialdiko begirale, zuzendari edo dinamizatzaile izatea planteatu baduzu, informazio hau interesatuko zaizu. Euskadiko astialdi-eskolek prestakuntza-eskaintza zabala aurkezten dute urtero. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Astialdi Foroaren bitartez, hiru lurraldeetan antolatutako ikastaroak bildu ditu pdf batean.

Gipuzkoan, zehazki, bi dira era honetako ikastaroak ematen dituzten astialdiko eskolak: Urtxintxa eta Hezkide Eskola.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) prestakuntza-ikastaroak EAEko eskoletan egiteak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Izan ere, gure errealitatera egokitutako gaitasunak eta tresnak bereganatzeko aukera ematen duten ikastaroak dira, eta euskararen sustapenarekin harreman estua dute.

Norbere beharrizan eta erritmora egokitzen diren ikastaroak aurkitzeko aukera dago: astean zehar edo asteburuetan egiten direnak, goizeko edo arratsaldeko ordutegia dutenak, trinkoak edo estentsiboak direnak eta, urte batean edo bi urtetan zehar atera daitezkeenak. Guztiak Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulazioak dira.

Bildutako ikastaroei buruz edo bestelako zalantzarik izanez gero jar zaitez beraiekin harremanetan hezkuntza@egk.eus helbidean edo deitu 944436143 / 688737133 (Irati) zenbakira.

Ikastaroei buruzko informazio gehiago hemen

Iturria: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua