Atzealdea Gaztelagun programa: gazteen emantzipazioa bultzatzeko plana

Euskal Autonomia Erkidegoko 18-35 urte bitarteko gazteek eska dezakezue etxe-alokairua ordaintzeko diru-laguntza

2020/01/24


Gaztelagun 18 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren plan berria da. Xede horrekin, alokairua ordaintzeko laguntza zuzenak emango dira.

Gaztelagun programaren laguntzetan hilero alokairu-errentaren ehuneko bat ordaintzen da, etxebizitza librea bada eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badago.

Hauexek dira bete-beharreko BALDINTZAK:

  • 18 eta 35 urte bitartean izan behar dituzu.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan urtebetez etenaldirik gabe egoitza izatea.
  • Ezin zaitezke etxebizitzaren jabea izan.
  • Errentamendu-kontratuaren titularra izan behar zara.
  • Etxebizitzak ohiko egoitza iraunkorra izan behar du.
  • Etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin ezin duzu izan 3. mailara arteko familia-loturarik izan.
  • Errenta banku-transferentziaren bitartez ordaindu behar duzu.

 

Horretaz gain, laguntza eskatzeko, gehieneko diru-sarrerak honako hauek izango dira (modalitate guztietan, 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak izanik):

  1. Diru-laguntza banaka eskatzen dutenek 18.000 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerak izan beharko dituzte.
  2. Familia-unitateek, bere osotasunean, 24.000 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerak.
  3. Diru-laguntza familia ugari batek eskatzen badu, 28.000 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerak izan beharko ditu.

Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 arte izango da.

Informazio gehiagorako, sakatu hemen.