‘Osasun mentala: zeure burua ulertzen ikasi’ tailerrean izena emateko epea zabalik dago

Tailerra azaroaren 16an izango da, 17:30etik 20:30era, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. 18-30 urte bitarteko gazteentzat da eta izena emateko epea azaroaren 14an bukatuko da.

2021/11/09


Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean ‘Osasun mentala: zeure burua ulertzen ikasi’ tailerra antolatu dute datorren azaroaren 16an, TREBA gazteak ahalduntze-eskolaren barnean.

 

Tailerrak osasun mentalak bizi-kalitate on bat lortzeko duen garrantziaz ohartarazi nahi du. Dinamika ezberdinen bitartez, parte-hartzaileek autoezagutza landu ahal izango dute euren burua hobeto ulertzeko helburuarekin. Zegaman egin zen bezala, autoezagutzaren lanketa hori hiru mailatan burutuko da: maila pertsonalean, sozialean eta sormenezko mailan.

 

Saioak 3 orduko iraupena izango du eta datorren azaroaren 16an izango da euskaraz eta dohain Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Elgoibarko eta Gipuzkoa osoko gazteentzat izango da eta izena emateko epea azaroaren 14a arte luzatuko da. 

 

Trebatzailea Ainhoa Urretagoiena ekintzailea izango da; 500 ordutik gorako esperientzia du norbanako eta erakundeetako coaching-ean. Besteak beste, adimen emozionala, komunikazio eraginkorra eta emakumeen ahalduntze eta ekintzailetzari buruzko proposamenak egin ditu. Ainhoaren esanetan, osasun mentala lantzeak erresilientzia garatzen laguntzen digu, ingurukoekin ditugun harremanak hobetuz. Gure burua hobeto ezagutzeak maila pertsonalean eta profesionalean ditugun helburuak lortzeko prestatzen gaitu. 

 

TREBA gazteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztegune Plus zerbitzuaren baitan antolatzen duen prestakuntza-eskaintza da. Programaren asmoa gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortu eta finkatzea da. Jada, Donostian, Legazpin eta Zegaman burutu dira saioak eta 2022rako, beste 8 ikastaro aurreikusten dira.

 

Informazio gehiago 

 

 

Jarraitu gure sareak