Atzealdea OHARRA: Haurtxokoak eta gaztelekuak digitalki lanean

Gipuzkoako haurtxokoak eta gaztelekuak fisikoki itxi dira, baina gehienek lanean jarraitzen dute modu birtualean.

2020/03/27


Egun hauetan etxean geratzea da COVID-19aren hedapenaren aurkako neurri eraginkorrena. Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko profesionalek bat egiten dugu neurriarekin, eta etxean geratzen gara. Baina lanean jarraitzen dugu, teknologiaren bitartez gure arteko harremana, komunikazioa eta lankidetza bermatuz eta sustatuz, lurraldeko haur, nerabe eta gazteen beharrei erantzuten jarraitzeko.

Gipuzkoako haur eta gazteen-arloko udal-zerbitzu gehienak ahalegina egiten ari dira bizitzen ari garen egoera aukera moduan hartu, eta haur, nerabe eta gazteekin birtualki esku hartzeko eta haiek dauden guneetan beraiekin egoteko.

Horregatik, sare sozialen bidez (Instagram, Facebook, Twitter…) hainbat baliabide, jolas, lehiaketa, erronka, etab. jarri dituzte martxan, aldi berean parte-hartzea eta sormena sustatuz.

Haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileak, gainera, beraiekin harremanetan egoteko edota  kontsultak jasotzeko bestelako tresna batzuk ere erabiltzen ari dira: Skype, whatsapp… Hala, hezitzaileek erreferentziazko pertsonak izaten jarraitzen dute lurraldeko haur, nerabe eta gazteentzat, birtualki bada ere.