Atzealdea Udako jarduerak 2020: atal berria Webgunean

Gazteria Departamentuak aisia hezitzaileko jarduerak COVID-19ak eragindako egoerara moldatuta antolatzeko atala argitaratu du bere Webgunean.

2020/06/09


 

“Alarma-egoera” honen ondoriozko itxialdiak eragin handia izan du haur eta nerabeen osasun fisiko, fisiologiko eta emozionalean; izan ere, garapenerako, osasunerako eta ongizaterako funtsezkoak diren giza kontaktua, aire freskoa, mugimendua eta bat-bateko jolasa egiteko aukerarik gabe egon dira azken hilabete hauetan.

 

Hezkuntza ez formalak alderdi garrantzitsurik badu, are gehiago une hauetan: esperientzietan eta bizitzarako jakintza horretan oinarritzen duelako bere jarduera, hain zuzen. Jolasaren bitartez, berdinen arteko harremana bultzatuz, ondo pasatuz... hamaika gai lantzen ditu, alegia, aniztasunaren balorea, genero-berdintasuna, sormena, laguntasuna, euskara, adimen emozionala... denak behar-beharrezkoak.

 

Hori horrela izanik, egoera berri honetan haur eta nerabeentzako udako eskaintza antolatzea inoiz baino garrantzitsuagoa denez, Gipuzkoako Aldundiko Gazteria Departamentuak atal berri bat martxan jarri du bere Webgunean, eta bertan bildu du udako jarduerak antolatzeko beharrezkoa den informazioa eta dokumentazioa.

 

Udako jardueren atal honetan HONAKOAK bildu dira, besteak beste:

 

  • Udalekuak antolatzeko kontuan hartu beharreko araudia:

Edozein udaleku antolatzeko garaian, 170/1985 Dekretua hartu behar da kontuan. Dekretuaren helburua pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek, antolatutako edo sustatutako aisia hezitzaileko jarduerak arautzea da, baldin eta 18 urtetik beherako sei pertsonak baino gehiagok parte hartzen badute eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badira.

 

  • COVID-19a dela-eta aisia hezitzaileko jardueretan hartu beharreko osasun-neurri bereziak:

COVID-19ak sortutako egoera berri honetan, ezinbestekoa da osasun-neurri bereziak hartzea birusaren hedapenik egon ez dadin. Segurtasun-neurri horiek hainbat administrazio publikok argitaratutako protokoloetan jasota daude, zehazki:

- Eusko Jaularitzaren Dekretua
- Osasun Ministerioaren Agindua

 

  • Udalekuen jakinarazpena:

Gipuzkoan haur eta gazteen kanpaleku, udaleku itxi nahiz ireki, auzolandegi eta ibilaldiak antolatzen dituzten elkarte, erakunde, enpresa eta pertsonek, jarduera horien berri eman beharko diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Horretarako, honako formularioa bete behar dute.

 

Gazteria Departamentuak urtero diruz laguntzen ditu elkarte eta entitateek haur, gazte eta nerabeentzako antolatzen dituzten aisia hezitzaileko jarduerak. Aurten, gainera, ekintza horietan  erabiltzeko maskarak, hidrogelak eta termometroak banatuko ditu eskaria egiten duten udalen eta entitateen artean.

 

Aisia hezitzailea antolatzeko lagungarriak izan daitezkeen arlo pedagogiko nahiz teknikoko zenbait dokumentu eta tresna ere jaso dira atal honetan.

 

Azkenik, gogorarazi nahi da Udabizi aplikazioak zabalik jarraitzen duela. Tresna honek biltzen ditu, batetik, uda honetan Gipuzkoako haurrek eta gazteek egin ditzaketen aisialdiko ekintza interesgarriak, eta bestetik, erakunde eta elkarte desberdinek  antolatzen dituzten jardueretan begirale izateko lan-eskaintzak.