Atzealdea Zeharkako gaitasunei buruzko tailerra egingo da Gaztegunen

Otsailaren 16an izango da, 17:00etatik 20:00etara, Donostian (Gaztegunen). 18-30 urte bitarteko gazteentzat da eta izena emateko epea otsailaren 14an bukatuko da

2022/02/04


Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Zeharkako gaitasunak, benetan behar dudana ikasi’ tailerra antolatu du datorren otsailaren 16an, Donostian (Gaztegune) TREBA gazteak ahalduntze-eskolaren barnean.

 

Tailer honen helburua da norberaren bizitzako arlo guztietan (lanean, harremanetan, ikasketetan...) eraginkorragoak izaten laguntzea, horretarako behar diren gaitasunak, balioak, trebetasunak eta ezaugarriak garatuz. Dinamika ezberdinen bitartez, parte-hartzaileek euren burua ulertu eta ezagutzeari ekingo diote eta edozein esparrutan hobeto funtzionatzen eta sentitzen lagunduko dieten zeharkako gaitasunak landuko dituzte.

 

Saioak 3 orduko iraupena izango du eta datorren otsailaren 16an izango da gaztelaniaz eta dohain. Gipuzkoa osoko gazteentzat izango da eta izena emateko epea otsailaren 14a arte luzatuko da.

 

Trebatzaileak Powering Education proiektuko kideak izango dira. Besteak beste, lidergotzari, talde-lanari, pentsamendu kritikoari, sormenari, aldaketetara egokitzeari eta komunikazio-trebetasunari buruz arituko dira. Izan ere, nork bere trebetasun pertsonalak ebaluatzeak, maila pertsonalean eta profesionalean dituen helburuak lortzeko prestatzen du.

 

21’s skills edo XXI. mendeko eskumenei buruz ere hausnartuko dute tailerrean. Hezitzaile, enpresa-zuzendari, gobernu-agentzia eta beste zenbait adituk, XXI. mendean lanean eta gizartean arrakasta izateko beharrezkotzat jotzen dituzten trebetasun eta gaitasunen zerrenda da 21’s skills.

 

TREBA gazteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztegune Plus zerbitzuaren baitan antolatzen duen prestakuntza-eskaintza da. Programaren asmoa da gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortu eta finkatzea. Donostian, Zegaman eta Elgoibarren burutu dira jada saioak eta beste 7 ikastaro aurreikusten dira 2022rako.

 

Izena eman, hemen!

 

 

 

Jarraitu gure sareak