NORDIC WALKING EDO MARTXA NORDIKOA

  • Airea behar dut
  • Indartsuago sentitu nahi dut
  • Probatu nahi dut
  • Taldean

Zergatik gustatuko zaizu?

Martxa nordikoa egitean, zure oinen eta besoen mugimenduan kontzentratuta egongo zara, eta une horretan egiten ari zarenean bakarrik pentsatuko duzu. Alde batera utziko dituzu aurretik egindakoa eta ondoren egin beharrekoa, eta orainaz gozatuko duzu. 

Martxa nordikoa bi bastoirekin oinkada laguntzean datza. Oso kirol moldakorra denez, berriro ariketa fisikoa egiten hasi direnek nahiz modu eraginkor eta dibertigarrian gaitasun fisiko jakin batzuk landu nahi dituzten kirolari entzutetsuak praktikatzen dute.

Zergatik da ona zuretzat?

Martxa nordikoak gorputzeko muskuluen ia % 90 aktibatzen ditu, eta modu ona da horiek lantzeko, indartzeko eta suspertzeko; era berean, mesedegarria da kaloriak erretzeko eta gorputzeko gantza murrizteko, eta, ondorioz, orokorrean hobetuko ditu zure egoera fisikoa eta osasuna.

Ariketa aerobiko bikaina da, odol zirkulazioa aktibatzen laguntzen duena eta sistema immunitarioa indartzen duena. Horren ondorioz, ongi sentiaraziko zaitu. 

Bastoiak erabiliz, gorputzari tente eusten zaio, eta hankek nahiz bizkarrezurraren behealdeak ohiko ibilaldi batean baino karga txikiagoa jasaten dute. Era horretara, gorputz jarrera hobetu, eta bizkarra indartzen da; ondorioz, gorputzaren zati horretako mina saihesten da

Zenbat balio du?

20 euro inguru balio duten bastoi sinple batzuekin has zaitezke. Gero gastatu ahal izango duzu gehiago.

Oso jarduera erraza badirudi ere, ongi egin eta onurak nabaritzeko teknika pixka bat behar da. Nahiago baduzu talde batean sartu eta alderdi teknikoak ezagutu, 30 bat euroren truke egin ditzakezu ikastaroak.

Zer ekipamendu behar duzu?

Bi bastoi. Bastoirik gabe aritu nahi baduzu, “Ibiltzea” atala irakurri behar zenuke.

Oinetako egokiak aukeratzea funtsezkoa da. Oinetako baxuak izan behar dute, orkatilek berezko mugimendua egin ahal izan dezaten, martxa behar bezala egiteko. Kirola egiteko oinetakoak, zorua lehorra badago, eta ibiltzeko oinetakoak, bustita badago.

Arropa erosoa, transpiragarria eta izerdia pilatzen ez duena. Baina hotza eginez gero, lepoa eta artikulazioak hotzetik babestu behar dira.

Ez ahaztu ura eraman behar duzula, ez deshidratatzeko, eta ibilaldi luze samarra egingo baduzu, hartu bizkar zorroa, mokadu osasungarriren bat eramateko.

Ideiak

Euskal Mendizale Federazioaren azalpenak

Euskal Mendi Federazioaren webgunean Nordic Walking edo Ibilketa Nordikoari buruzko informazioa eta bideoak aurkituko dituzu.

Esteka
 
Partekatu
Egin dezagun guztiok bat mugimenduarekin
https://gipuzkoa.eus/emakumeokmugimenduan Kopiatu