Atzealdea Azaroaren 15ean izango da Kultura Eskola Bonua eskatzeko azken eguna

Gazte bakoitzak 6 euro arteko deskontua izango du ikuskizunetarako sarrerak erostean, eta 4 euro arte museoetarako sarrerak erostean. Bonuak erabili ahal izateko epea abenduak 31n bukatzen da.

2020/10/30


Piztu Kultura ekimenaren esparruan aurkeztu zuten Kultura Eskola Bonua, sektorea suspertzeko eta gazteen artean kulturarekiko interesa sortzeko asmoz. Covid-19ak ekarritako osasun-krisiaren ondorioz, kulturaren sektorea bere jarduera berreskuratzen hasi da, eta Kultura Bonuaren bitartez, bultzada eman nahi zaio sektoreari.

 

Kultura Departamentuaren helburu eta eginkizunak dira, besteak beste, kultura sortu, ekoitzi eta zabaltzen duten erakunde eta eragileei laguntzea, baita kultur ekoizpenak eta ekintzak herritarrengana hurbiltzea. Horren emaitza da Kultura Eskola Bonua. Helburu nagusia da 16 eta 17 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei, hau da, batxilergoko eta erdi mailako lanbide-heziketako ikasleei, kultura-ondasun eta -produktuetarako sarbidea erraztea, arte eta kultura hedapena dinamizatuz eta arte eszenikoetako ikuskizunetara eta museoetara joatea sustatuz.

 

Kultura Eskola Bonua erabiliz, pizgarriak edo hobariak eskainiko dira antzoki eta auditorioetara joateko, baita museoetara ere, aipatutako adin-talde horretako gazteek erraztasun gehiago izan dezaten kultura eta ezagutza eskuratzeko eta gozatzeko, programazio kultural berriari bultzada bat emateaz batera.

 

Kultura Eskola ekimenaren parte da laguntza-ildo hori, Etorkizuna Eraikiz programaren barruko proiektu esperimentaletako bat. Bere helburua da gazteen artean kulturarako sarbide unibertsala sustatzea, gazteek sormenarekiko duten interesa garatzea, kultura ohiturak sortzea eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko kultura-sarea sendotzea.

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak