Atzealdea Erasmus+: Bergara eta Donostiako gazteak Europara

Bergarako 12 gazte Wiesbadenera (Alemania) joan dira sorkuntza artistikoa lantzea helburu duen Erasmus + proiektu batean parte hartzera

2018/09/04


Bergaratik 16-17 urteko 12 gazte eta bi hezitzaile Wiesbadenera joan dira Gazteak eta Sorkuntza Artistikoa proiektuan parte hartzera. Han Wiesbadengo beste 12 gazterekin elkartu dira eta sorkuntza artistikoarekin erlazionatutako hainbat ekintza egingo dituzte. Proiektuak bi fase izango ditu: lehenengo egonaldi hau Wiesbadenen izango da irailaren 3tik 9ra, eta urriaren 8tik 14ra Gipuzkoan egongo dira, hemen ere artearekin erlazionatutako beste ekintza batzuk egiten. Lurralde ezberdinetako gazteak elkartzen dituen proiektua izanik, aukera izango da kulturartekotasuna, komunikazio-gaitasunak, eta antzekoak zeharka lantzeko ere.

Proiektu hau Gaztematikako plangintzan dagoen ekintza baten emaitza da. Gipuzkoako hainbat udalek Erasmus + programak gazteria-arloan eskaintzen dituen aukerak ezagutu eta aprobetxatzeko erabakia hartu dute. Hainbat proiektu aurkeztu dira Erasmus + programak dituen deialdi ezberdinetan, eta horietako proiektu batzuk onartuak izan dira, orain gauzatzeko unea iritsi delarik.

 

Donostiako gazteak, Norvegiako Bergen hirian

 

Modu berean, Donostiako Udalak 12 gazte Bergenera (Norvegia) bidali ditu Anti-rumor Youth Encounter proiektuaren baitan. Udalak aurkeztutako proiektu honen helburua da aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurru faltsuak desegitea. Irailaren 3tik 9ra Bergenen egongo dira, eta irailaren 29tik urriaren 6ra Donostian.