Atzealdea Erasmus+: Euskal Herriko eta Irlandako gazteak elkarlanean “Gazteak eta Hizkuntza Gutxituak” proiektuan

Galway hiriko 8 gazte Euskal Herrira iritsi dira Erasmus+ proiektuan parte hartzeko, Zizurkilgo, Elgoibarko eta Donibane Garaziko beste 24 gazterekin batera.

2019/12/03


Europako Batasunak gazteen eta gazteria-arloko profesionalen proiektuak garatzeko diru-laguntzak ematen ditu, Erasmus Plus programaren bitartez.

Programak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatu nahian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gaztematikaren (Gipuzkoako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako sarea) bitartez, udalak animatzen ditu gazteekin batera trukerako proiektuak gara ditzaten.

Zizurkilgo eta Elgoibarko Udalek erronkari heldu eta elkarlanean egindako proiektu bat garatu dute, hizkuntza gutxituei buruzko sentsibilitatea duten gazteentzat.

Programan parte hartzen ari diren 32 gazteek urriaren 29tik azaroaren 4ra egin zuten lehen egonaldia Irlandan, eta abenduaren 2tik 8ra bitartean, Zizurkil, Elgoibar, Donibane Garazi eta Galwayko gazteak Hondarribiko aterpetxean egongo dira.

Egonaldi honetan, euskararen gaur egungo errealitatearen berri izango dute, hainbat tailer eta bisitaren bidez.

 

Atzo, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna izanik, Gipuzkoako Foru Aldundian harrera egin zieten Diputatu Nagusi Markel Olanik, Gazteria zuzendari Isaac Palenciak eta Euskarako zuzendari Garbiñe Mendizabalek. 

 

 

Ondoren, Tabakaleran bideo-tailerrak eta Euskarabentura ekimena ezagutzeko aukera izan zuten.

 

 

Eta arratsaldean, Errealaren hizkuntza-politika ezagutu zuten, Zubietara egindako bisitan.

 

Gipuzkoako egonaldi honetan ekintza ugari egiteko aukera izango dute, besteak beste: herri-kirolak, Durangoko Azokara bisita, adituen hitzaldiak, etab.

Erasmus Plus programako egitasmo honek Europako hizkuntza-aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikusarazi nahi du.

Horrez gain, hizkuntzekiko duten ikuspegi kritikoa lantzeko saiakera egiten ari dira eta hizkuntza gutxituen arteko harremana eta erlazio horri buruzko hausnarketa bultzatzen, betiere gazteak, euskara, gaelikoa eta ahalduntzea erdigunean jarriz.

Erasmus Plus programa bera baliagarria da beste kultura batzuk ezagutu eta errespetatzen ikasteko, beste herrialdeetako gazteekin harremanetan jartzeko komunikazio gaitasunak lortzeko eta parte hartzea sustatzeko.