Atzealdea Etxebizitza lehen lerroan jartzeko galdetegia

Euskadiko Gazteen Kontseiluak ekainaren 14a arte jasoko ditu erantzunak

2020/06/02


EGK-k galdetegia antolatu du, etxebizitzari buruz gazteek dituzten iritzi, proposamen, ideia eta beharrak jasotzeko. Iritziak jasotzeko epea ekainaren 14a arte izango da eta 16 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute.

 

Gazteon egora ezagutu, informazioa jaso, arazoak identifikatu eta zein neurri hartu behar diren aztertu nahi dute. Antolatzaileen esanetan, “informazio asko dabil azken asteotan eta saturazio maila altua da maiz. Zoritxarrez, guretzat garrantzitsua diren gai batzuk ez dira jorratu. Edo ez behintzat guk nahi bezainbeste”.

 

COVID-19ak sortutako krisiaren aurretik ere gazteen etxebizitzaren inguruko egoera ez zen onena. Izan ere, 16 eta 30 urte bitartekoen %22,6 soilik zegoen emantzipatuta eta, hori egin ahal izateko, beren diru-sarreren %88,3a bideratzen zuten alokairura (bi datuak Gazteen Euskal Behatokiarenak dira).

 

Eta orain zein da errealitatea? Okertu egin al  du koronabirusak? Zein dira sortu diren behar berriak? Euskadiko Gazteen Kontseiluak erantzuna eman nahi die galdera hauei eta gazteek planteatutako beste batzuei. Galdetegiaren emaitzetatik ateratzen diren proposamen eta aldarrikapenak administrazioei helaraziko dizkiete.

 

EGK-koen iritziz, egoera ez da bidezkoa eta 2008an bezala, gazteak berriro ere krisia gogor pairatzen ari dira. Horregatik, galdetegia zabaldu eta etxebizitza lehen lerroan jartzea eskatu dute. Izan ere, zenbat eta erantzun gehiago izan, aukera handiagoa izango da profil anitzagoen informazioa izateko eta, horrela, errealitatea sakonago ezagutu ahal izango da.

 

Erantzun galdetegia hemen!

 

Iturria: Euskadi Gazteriaren Kontseilua (EGK)