Atzealdea Gazteen arteko elkarlana sustatuz

Mugaz gaindiko “Gazte Agora” ekimenaren ondorioak aurkeztu dira

2021/02/01


Gazte Agora proiektua epe luzeko ikuspegiarekin sortu zen 2019an. Hainbat topaketaren bidez 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen arteko mugaz gaindiko lankidetza sortzeko. Eusko Ikaskuntza, Euskadiko Gazte Kontseilua (EGK) eta Nafarroako Gazte Kontseilua (CJN-NGK) dira ekimen honen antolatzaileak, eta Eusko Ikaskuntzak 2017tik 2019ra bitartean egindako hausnarketa-prozesuaren emaitza abiapuntu izanik, egoera orokorra aztertu dute. EAE, Nafarroa eta Iparraldeko gazte norbanako, eragile eta erakundeen arteko elkarlana sustatzea dute helburu, eta Donostia, Iruñea eta Baionan ospatutako foroen emaitzak aurkeztu dituzte orain.

 

Antolatutako foroek gazteen erronka nagusiak eta kezkak herrialdez herrialde identifikatzea ahalbidetu dute, elkarlanerako oinarriak finkatuz horrela. Lau multzotan banatu dira topaketetatik ateratako ondorio nagusiak: ongizate materiala, euskara eta hizkuntza-politikak, hezkuntza formala eta ez-formala eta gobernantza.

 

Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak, ongizate materialari buruzko hitz batzuekin eman zion hasiera aurkezpenari. Bertan, Euroeskualdeko gazteek bizi-proiektuak garatzeko zailtasunak dituztela aipatu zuen, komunean dituzten esparruak sortzearen eta euskara bultzatzearen beharrak azpimarratzeaz gain. Xalbat Alzugarayk, Eusko Ikaskuntzako gazteak, Euskal Herriko hizkuntza-politikaren egoera azaldu zuen jarraian, Euskal Herriko lurralde desberdinetako gazteak biltzeko komuneko tresnari, hau da, euskarari, garrantzia emanez. Juan Gutiérrezek, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko Presidenteak, gobernantzako blokea aurkeztu zuen azkenik, Euroeskualdeko lurraldeen erronka gazteria ahalduntzea eta bere partaidetza eta bizi-proiektua garatzeko errekurtsoak izatea dela aipatuz.

 

Gazteen aniztasuna eta gobernantza-eredu berriak: mugaz gaindiko gazte-lankidetzarako oinarriak finkatzen” emaitzen-txostena aurkeztu badute ere, Gazte Agorak martxan jarraitzen du. Proiektuari jarraipena ematea da asmoa, udaberrian mugaz gaindiko foro bat ospatu ahal izateko, eta horretarako Eusko Ikaskuntzako webgunean aipatutako lau atalei buruzko praktika onen proposamenak jasotzeko espazio bat ahalbidetu da.

 

Txostena

 

 

 

Jarraitu gure sareak