Atzealdea Lehenengo Gazte Foroa antolatuko da datorren abenduaren 14an Donostian

Gazte Foroan Euskal Herriko gazteak bilduko dira. Helburua da gazteen kezkak, egoera eta lehentasuna partekatzea, elkarrekin hauek identifikatu eta garatzeko.

2019/12/03


Euskadiko eta Nafarroako Gazteria Kontseiluek, gazteek eta gazteria-arloko eragileek bat egin dute, Abenduaren 14an egingo duten lehenengo Gazte Foroan, gazteek elkarren arteko harremanak estutzeko. Egitasmoa 18-35 adin tarteko gazteentzat da.

 

Lehenengo topaketa abenduaren 14an izango da, Donostiako Miramar Jauregian, eta EAEko gazteek parte hartuko dute. Bertan, gazteen kezka guztiak partekatu eta proposamenak aterako dira.

 

Bigarrena, 2020ko otsailean izango da, Iruñean, eta Nafarroako gazteen txanda izango da, hauek aukera izango baitute beren errealitateari eta egoerari buruzko analisia eta proposamenak egiteko. Hirugarren bat Baionan burutuko da, 2020ko martxoan, Iparraldeko gazteek ere beren errealitatea partekatu eta proposamenak atera ahal izan ditzaten.

 

Aniztasuna, balio partekatuak, lurralde-berezitasunak eta lurraldeen arteko lankidetza-ereduak oinarri, lau gai nagusiren inguruan abiatuko dute hausnarketa datozen hilabeteetan antolatuko dituzten foroetan:

 

  • Hezkuntza: formala zein informala
  • Gobernantza: parte-hartzea eta ahalduntzea
  • Sozio-ekonomia: ongizate materiala
  • Hizkuntza: euskara eta hizkuntza-politikak

 

Lau gai nagusi hauek talde dinamiken bitartez landuko dira. Talde bakoitza lan-esparru bakar baten inguruan arituko da. Partaideek aukera izango dute landu nahi duten gaia aukeratzeko izen-emate orriak horretarako eskaintzen duen atalean.

 

Eztabaida kokatzen laguntzeko, abiapuntuzko diagnosi partekatua eskaintzen da. Topaketa hauen bidez, egitasmoak eta asmoak partekatzea, ikuspegi kolektibo batetik lantzea eta lankidetza esparru berria egonkortzea lortu nahi da.