Atzealdea Pelusa proiektua, Gazteak Auzolanean programak diruz lagundua, ezagutzera eman da Tolosan

Pelusa proiektuak, aurten Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Gazteak Auzolanean diru-laguntza jaso duenak, ekintza bat burutu zuen Tolosan, emakumeen sexualitatea eta orgasmo femeninoa agerian jartzeko

2019/11/26


Pasa den asteburuan Tolosako Udalak, eskualdeko hainbat elkarterekin batera, programa bat antolatu zuen azaroaren 25a Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, herritarrak kontzientziatzeko asmoz. Bertan Pelusa egitasmoa, emakumeen sexualitatae lantzen duena, ezagutzeko aukera izan zen.

 

Azaroaren 23an, eguerdiko 12:30ean, Pelusa proiektuko kideak “Erosotasunetik erotikotasunera” ekintza burutu zuten Tolosako Trianguloan. 6 maniki erabiliz, zenbait galdera planteatu zituzten autoezagutzari, gorputz-estimuluei eta abarri buruz. Galderak erosoenetik deserosoenera sailkatuta zeuden. Esperimentu sozial bat izan zen, eta bertan parte hartu zuten emakumeek manikien gainean idatzi edo pintatu behar zuten. Esperimentuaren sortzaileek azaldu zutenez, honen helburu nagusia zen “emakumeengan inflexio-puntu bat sortzea. Emakumeak beren sexualitatearen jabe egitera bultzatu nahi ditugu, eta hau lehen urratsa da”.

Manikien dinamikaz gain, Gipuzkoako zenbait emakume artistaren koadroak ikusi ahal izan ziren: Arramazka, Uxue Bereziartua (Berexiart) eta Elene Tamayoren lanak, hain zuzen. Horietako bakoitzak, artearen bidez eta modu abstraktuan, beren sexualitatea nola bizitzen eta sentitzen duten adierazi dute lan horietan.

 

Taldeko kideek azaldu dutenez, pasa den larunbatekoa bezalako dinamikak “emakumearen sexualitatea eta orgasmoa ikusgai jarri eta gizarteratzen duen komunikazio-kanpaina bat osatzen dute”. Emakumeen sexualitatea eta plazera tabua izan dira denbora askoan eta, horregatik, gai hori buruzko elkarrizketak eta eztabaidak piztu nahi ditugu, emakumeek askatasunez hitz egin ahal izateko guneak sortuz”. Horretarako, lehenik eta behin gaiaren inguruan normalizazioa eta hausnarketa bultzatu behar dira, “ondoren, ekintzetara itzultzeko”.

 

Prozesu honetan zehar, Pelusak Maite Higuero sexologoaren laguntza eta aholkularitza jaso ditu. Aditu honen iritziz, beharrezkoa da sexualitate lasai, gustagarri eta atsegingarri bat bizitzea eta aske eta kanpoko epairik gabe, inposatutako estereotiporik gabe eta “izan behar darik” gabe bizitzea (datozen lekutik datozela).

Goizeko dinamikaren ondoren, arratsaldean, mahai-inguru batean parte hartu zuten Uxue Bereziartua (Berexiart) eta Elene Tamayo artistek, eta Maite Higuero sexologoak.

 

Datorren larunbatean, azaroak 30, Pelusa proiektuaren dinamika eta erakusketa Donostian izango dira.