Atzealdea Taldearen garrantziari buruzko ikastaroa antolatu du Gazteria Zuzendaritzaren TREBAgazteak ahalduntze-eskolak

Harkaitz Millan, Kultura eta Gazteriako diputatua: “Programa honetako prestakuntza gazteen emantzipazio, garapen eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortu eta finkatzera bideratuta dago”.

2021/06/02


 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 18-30 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen TREBAgazteak prestakuntza-programako hirugarren ikastaroaren hiru saioak ekainaren 9an, 16an eta 23an izango dira.

Egitasmo honen barruan Foru Erakundeak gazteentzat interesgarriak diren gai desberdinei buruzko ikastaro laburrak antolatzen ditu, gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortu eta finkatzeko asmoz.

 

Lehen ikastaroa, adimen emozionalari buruzkoa, martxoan egin zen; bigarrena, gazteek eraldatzeko duten indarraren inguruan, maiatzean; eta hirugarrena, taldearen garrantziaz arituko dena, ekainean garatuko da.

 

Azken honen helburuak dira taldean lan egitearen garrantzia ulertzea, taldearen funtzionamendu egokia sustatzea edota komunitate mailako sareak indartzea, besteak beste. Horretarako, talde moten inguruan, taldekideen rol desberdinen inguruan edota aniztasunaren kudeaketaren inguruan arituko dira, beste gauza askoren artean. Ikastaroak hitzaldia, praktika onak eta dinamika bilduko ditu.

 

Trebakuntza Asier Gallastegi aholkulari sistemiko, prestatzaile eta coach-ak emango du, eta gaztelaniaz izango da. Esan bezala, ekainaren 9an, 16an, eta 23an egingo dira saioak, Gaztegunen (Anoeta Pasealekua, 28 - Donostia), 17:00etatik 20:00tara, eta izena aurrez aurreko zein on line formaturako eman ahal izango da. Horretarako epea ekainaren 6an amaituko da.

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak