Atzealdea Martxan da 2023KO Gazteak Auzolanean, 1.500 € eta 5.000 € arteko laguntzarekin gazteek egindako proiektu kolektiboak bultzatzen dituen programa.

18 eta 30 urte bitarteko gazteek martxoaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dituzte haien proiektuak.

2023/02/24


Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gazteak Auzolanean dirulaguntza-programarekin jarraitzen du aurten ere. Helburua da gizartearen aldeko proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei babesa ematea. Horregatik, dirulaguntza hauen hartzaileak dira, jarrera sortzailea eta ekintzailea izanik, gizarte-eraldaketako prozesuak bultzatu eta ingurunea inplikatuko duen proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten gazteak.


 

Aurten ere, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak 25.000 euroko dirulaguntza onartu du Gazteak Auzolanean beketarako. Eskabideak martxoaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, dagokien dokumentazioarekin batera. Aurkeztutako proiektu guztietatik 5 aukeratuko dira, eta horietako bakoitzak 1.500 € eta 5.000 € arteko laguntza jasoko du 2023 eta 2024ko ekaina bitartean garatu ahal izateko.

Dirulaguntzak eskatzeko baldintzak

Laguntzak eskatu nahi dituztenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • 18-30 urteko pertsonek osatutako talde bat izatea (gutxienez, 3 lagun).
  • Irabazi-asmorik gabeko proiektua burutzea.
  • Proiektua urtebetean garatzea (2024ko ekain arte).
  • Proiektua honako arlo batean edo batzuetan kokatuta egotea:
    • Proiektu artistikoak edota kultural-komunitarioak.
    • Ingurunearen zaintza eta jasangarritasuna oinarri duten proiektuak.
    • Genero-berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna eta beste alorretan oinarritutako gizarte edo komunitatearen eraberritze-proiektuak.

 

Zazpi urte gazteen proiektuak bultzatuz

Zazpi urte dira laguntza-poltsa hauek ematen direla eta urte horietan hainbat taldek beren proiektuak garatu ahal izan dituzte laguntza horiei esker. Websailak, euskarazko musika-taldeen kontzertuak, Ikus-entzunezko film laburrak, sentsibilizazio-topaketak, zeinu-mintzairaren dibulgazio-saioak, antzerki soziala eta komunitarioa, online hezkuntza-laguntzako proiektuak... Aurreko urteetan garatutako proiektuak ezagutu ditzakezu hemen.

 

2023ko deialdia

Gazteak Auzolaneaneko Webgunea

 

 

 

Jarraitu gure sareak