Atzealdea “Maila guztietako erabakietan hartu behar dute parte gazteek”

Carles Feixa Pàmpols gizarte-antropologoarekin mintzatu gara nerabeen eta gazteen errealitate aldakorraz, berauekiko iritzi publikoaz eta zerbitzu publikoek haiei dagozkien gaietan duten eginbeharraz.

2021/03/30


 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatuta, pasa den martxoaren 23an HITZegiten topagunearen bigarren jardunaldia antolatu zen, nerabeak eta komunitatean duten lekua hizpide izan zituena. Goizeko saioan eta baita arratsaldekoan eren Carles Feixa Pàmpols gizarte-antropologoa aritu zen nerabeek pandemiaren ondorioz bizi duten egoerari buruz, egoera nola daramaten eta bizi dituzten mugak erakundeok nola konpentsa ditzakegun azalduz.

 

Carles Feixa Pàmpols doktorea da Bartzelonako Unibertsitatean eta honoris causa Manizaleskoan (Kolonbia). Gazte-kulturen ikerketan espezializatuta dago, eta Katalunia eta Mexikon gaiari buruzko hainbat ikerketa egin ditu. Bere liburuen artean aipatzekoak dira De jóvenes, bandas y tribus (Bartzelona, Ariel, 1998, 5. arg. 2012), Global Youth? (London & New York, Routledge, 2006), Youth, Space and Time (Boston & Leiden, Brill, 2016) eta Adolescentes confinad@s: La juventud en la era viral (NED, 2020).

 

  • Zure ikasketa, ikerketa eta argitalpenek nerabeekiko eta gazteekiko duzun interesa eta ardura agerian uzten dute. Zerk bultzatu zintuen eta bultzatzen zaitu gazteak aztergai izatera? Nola eboluzionatu dute gazteen ikerketek ordutik?

Hasi nintzenean, gazte-erakundeetan eta gazte-kontseiluetan nuen militantziak bultzatu ninduen. 1985ean amaitu nuen gradua, UNESCOk Gazteriaren Nazioarteko Urtea izendatu zuen hartan. Antropologiako Lizentziaturako tesirako gaia aukeratu behar izan nuenean, zalantza izan nuen nazionalismoa (garai horretan modan zegoen gaia) edo tribu urbanoen artean. Bigarren gai horri buruz bi beka eskatu nituen, eta eman egin zizkidaten; beraz, zalantzak desagertu egin ziren. Garai hartan modan zegoen iritzi-inkesten ikuspegi sinplifikatzailetik ihes egin nahi nuen, metodo kualitatiboen aldeko apustua eginez. Funtsean, nire belaunaldiaren, gaztaroa 80ko hamarkadan bizi genuona, ikerketa bat zen buruzkoa, trantsizio demokratikoaren ondoren, krisi ekonomiko galantarekin eta punkaren eta “no future”-aren gorakadarekin (eta baita “do-it-yourself”-arena ere).

 

Ordutik ez dut gai berriak aurkitzeko ahaleginik egin behar izan: momentu bakoitzean gazteriari lotutako fenomeno edo mugimendu berri bat agertzen zen (beti esaten dut gazteen arloan aritzea betirako gaztetasunaren elixirra edukitzea dela, belaunaldi berrien ekarpenak entzutera behartzen baitzaitu). Gaur egun, nire seme-alaben bizitza-munduak ezagutzeak bultzatzen nau, batez ere (gazte askoren lan-prekarietateko baldintzak pairatzen dituen 25 urteko bat, eta Basque Culinary Centren gastronomia gradua ikasten hasi den 18 urteko bat). Gainera, nire azken liburu elektronikoa (Adolescentes confinad@s, ned, 2020) pandemiaren ondorioz konfinatuta geundenean idatzi nuen, alabarekin eta bere lagun batekin.

 

  • Gazteen kolektiboa aztertzeak denboraren, espazioaren zein gertakari sozialen eta historikoen aldaketak kontuan hartzea dakar, eta beraz, aztergai aldakorra da etengabe. Zeintzuk dira horrek dakartzan zailtasunak?

Nagusiki, gazteak etapa hori beste garai batean eta beste parámetro batzuekin bizi izandako norberaren esperientzia historikotik epaitzeko joera. Bigarrenik, idealizazioan erori gabe, adin-talde horri buruzko estereotipoak gezurtatzeari eskainitako denbora. Eta azkenik, norbera gaztarotik urruntzen ari den heinean, ez da hain erraza etapa horretan daudenekin enpatizatzea, nahiz eta esperientzia eta ezagutza handiagoak belaunaldi arteko elkarrizketa errazten duen.

 

  • Covid-19aren pandemiaren ondorioz, gazteen jarrerari buruzko iritzi negatiboak jopuntuan egon dira uneoro, komunikabideetan esaterako. Zer iritzi duzu horri buruz?

Hasieratik adierazi dut prentsan, irratian eta telebistan egindako elkarrizketetan: akats handia izan da, ez bakarrik egiaztatu gabeko datuetan edo gehiegizko orokortzeetan oinarritzen direlako, baizik eta lortu nahi dutenaren kontrako eragina duelako, hau da, Covid-19aren aurrean neurri murriztaileen ukapena sustatu eta belaunaldien arteko aldea handitzen duelako. Gazteak izan ziren konfinamenduan gehien ahaztu ziren pertsonak, ez zutelako arazorik sortu; aitzitik, mundu digitalean bizitzen lagundu ziguten. Konfinamendutik irten orduko, selektibitateari eutsi genion (Espainia izan zen hura mantendu zuen estatu gutxietako bat). Handik gutxira, gazteak hartu ziren berragertze kasuen errudun, eta gaueko festekin eta botiloiekin lotu zituzten (bitxia bada ere, inork ez zion selektibitateari errua bota, hainbat egunez milaka gazte espazio itxietan sartu zirenean). Abenduan, inguruak lagunarteko festa-irudiez bete ziren, baina benetako arriskua familiako festetan edo bigarren egoitzetarako irteeretan zegoen. Ez da harritzekoa Pablo Hasélen gartzelaratzeak –nire hirikoa da, Lleidakoa- halako protesta sutsuak piztea. Izan ere, horiek hartu dituzten zenbait forma justifikatu ez arren, uste dut egungo gazte-belaunaldiaren haserre sakonagoaren sintoma direla.

 

  • Pandemia kudeatzeko momentuan, nerabeen eta gazteen iritzia kontuan hartu dela uste duzu? Zergatik?

Orain arte ez dira ezertarako kontuan hartu. Zorionez, badaude akatsez ohartzen ari diren arduradun politiko eta osasun-arloko profesional batzuk. Nik Kataluniako osasuna ebaluatzen duen Generalitateko AQuAS agentziak bultzatutako azterlan batean parte hartu dut, eta, gazteekin eztabaida-talde batzuk abiapuntutzat hartuta, ondorio horretara iritsi naiz: pandemia beharrean sindemia izanik, lanketak orokorra izan behar du, eta kontuan hartu behar dira gizarte-faktoreak eta, kasu honetan, belaunaldien artekoak. (Abordatge social de la Covid-19: https://aquas.gencat.cat/ca/inici).

 

  • Zer eragin izango du pandemiak, zure ustez, epe ertain eta luze batera, nerabeen eta gazteen errealitatean?

 

Epe laburrean, eragin zuzenena da koronabirusak “belaunaldi-marka” gisa duen efektua, maila sinbolikoan –ez nahitaez praktikoan‑ gertaera historiko handiekin parekatu daitekeena, hala nola, gerrekin, iraultzekin, gizarte-mugimenduekin eta hondamendi naturalekin. Epe ertainean, langabeziaren eta prekarietatearen areagotzeak gazteengan izango du eraginik handiena – jada badu-. Epe luzera, belaunaldien arteko desberdintasuna zabaltzeko bide beretik jarraitu dezakegu, adin-arrakala klase-arrakala bihurtuz, edo, bestela, gazteak irtenbideen bilaketan sar ditzakegu, batez ere gaur egun dugun eta kalezulora garamatzan hazkunde-ereduaren alternatiba ekologiko, ekonomiko sozial eta sanitarioak bilatzeko.

 

  • Zein da zerbitzu publikoen egitekoa gazteek beraien egunerokotasuneko erabakietan parte har dezaten eta orainaren parte izan daitezen?

 

Bat nator Jaume Funes lankide eta lagunarekin: gazteen arazoa ez da soilik etorkizun iluna, ziurgabetasunez betetako orainaldia baizik. Maila guztietako erabakietan hartu behar dute parte gazteek: familia bakoitzean bizitza-erritmoak adosten, eskolan curriculuma eta ikasteko modu berriak egokitzen, lan-mailan ekonomia iraunkorreko formula berriak aztertzen, eta maila politikoan demokrazia berrasmatzen, honen partaide izateko. Aspalditik defendatzen dut belaunaldi-kontratu berri baten premia, gazteei zeregin garrantzitsua emango diena eta gure gizarte-ongizateko sistemaren funtsezko erreformak planteatuko dituena. Horretarako, foro bat antolatzen ari gara Bartzelonako Consell de la Joventut-ekin, belaunaldi berriek alternatibak proposa ditzaten. Azken batean, krisi pandemikoa gizartea birsortzeko aukera bihurtzeko.