Atzealdea

#PiztuMeta 2020 egitasmoak hamabost kultur proiektu berri bultzatuko ditu

Urriaren 8an hasi da hautatutako proiektuak diruz laguntzeko kanpaina. Egitasmo bakoitzak lortutako kopurua adina erantsiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak

2020·10·16


Meta egitasmoak hamabost kultur proiektu berri bultzatuko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goteo fundazioaren lankidetzarekin, kultur proiektuak aurkezteko deialdia egin zuen ekainean; proposamen hautatuak finantzaketa kolektiboa lortzeko plataformetan saretu eta, azkenik, Foru Aldundiak norbanakoen aldetik bildutako dirua bikoiztuko du.

 

Herritarrek jarritako euro bakoitzeko, Foru Aldundiak beste bat jarriko du, betiere, 4.700 euroko gehienezko mugarekin. Denera, 36 proposamen jaso dira aurten, eta horietatik hamabost atera dira aurrera. Aurrekontua 70.000 eurokoa da eta urriaren 8an hautatutako proiektuen crowdfunding kanpainaren hasiera jakinarazi zuten.

 

Moda jasangarria da zerrendan errepikatzen den alorretako bat. Amarenak kolektiboak Burukoak proiektua sortu du, euskal kulturaren eta historia interesgarri bat berreskuratu nahi du diseinuaren eta moda jasangarriaren eskutik. Merino Loversek ere halako moda bultzatu nahi du body positive mugimenduaren barruan.

 

Aurtengo PiztuMeta egitasmoak Gipuzkoako COVID garaian izandako bizipenak, Beiruteko itzalak, Txikia ederra da eta Crack soinuak ikus-entzunezko lanak ere hartu ditu. Eskumuinak dokumentala zabaltzeko proiektua ere lagunduko du. Bestalde, Zinema lekuak arte horretaz gozatzeko modu berri baten proposamena, eta Angela antzezlana, Iparragirre poeta eta musikariaren emazte Angelaren irudia sustatu nahi duen proiektua, ere hautatu dituzte.

 

Aniztasunaren liburuak ilustrazioaren bidez aniztasunari buruzko kontzientzia sortu nahi du. DavetZARIk, berriz, hausnarketa sortu nahi du Daveten sindromeaz eta kultura inklusiboaz. Almikia egitasmoak, baztertzeko arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzeko jarduerak antolatuko ditu eta Argi klimatikoak, itsasoko igoerak Gipuzkoako hainbat herritan izango duen eraginaz eztabaidatzeko argazki batzuk sortuko ditu.

 

EHXPERIENCE labs, IK109 laborategi multisensorialaren egitasmoa ere lagunduko du PiztuMetak, eta baita Berriz aurkitu Gipuzkoa Gipuzkoako herri eta hirietako ondare arkitektonikoaren artxibo bisuala eta Dis-Like egitasmoak ere. Azken honek, sare sozialak eta aplikazio mugikorrak gaizki erabiltzearen ondorioz irudi pertsonalean gertatzen diren nahasteak ezagutu, detektatu eta saihesteko beharrezko tresnak eskaini nahi ditu.

 

Orain arte, 36 kultur proiektu gauzatu dira GFAren Meta egitasmoaren bultzadaz, eta aurtengo proposamenak laguntzeko aukera urriaren 8an ireki da, Goteo plataforman.

 

 

Jarraitu gure sareak