Atzealdea Gazteak Auzolanean programak diruz lagundutako "Jalgi hadi plazara!" proiektuak esku-hartze bat egingo du espazio publikoan gazteen beharretatik abiatuta

Gazteak animatu dituzte inkestan eta egingo dituzten topaketetan parte hartzera, beren beharrei erantzungo dien espazio publiko bat eraikitzeko.

2024/04/25



 

"Jalgi Hadi Plazara!" da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Gazteak Auzolanean dirulaguntza-programan hautatutako 7 proiektuetako bat. Egitasmoaren helburua da plazak eta kaleak berreskuratzea, gazteen lehentasunak eta bizimoduak islatuko dituzten espazioak eraikitzeko.

"Jalgi Hadi Plazara!" proiektuak partaidetzazko inkesta bat martxan jarri du, gazteek eremu publikoei buruz dituzten iritziak eta esperientziak jasotzeko. Gaur egun dituzten pertzepzioei buruz galdetzen zaie, baita leku horiei ematen dizkieten erabilerei buruz ere, eta zer hobekuntza behar dituzten uste duten, espazio horiek beren beharrei benetan erantzuteko.

Gaztea bazara, animatu eta partekatu zure esperientziak eta ideiak. Inkestari erantzun!


 

Inkestan parte hartzen duten gazteek, esku-hartzearen diseinuan eragiteko iritziak partekatzeaz gain, aukera izango dute 60 euroko balioa duten bi zinema-bonuren zozketan parte hartzeko.

Proiektuaren hurrengo etapan, focus groupak egingo dira 15 eta 20 urte bitarteko gazteekin, maiatzean espazio publikoan egingo den esku-hartzearen xehetasunak zehazteko. Dinamizazio eta esku-hartze komunitarioan dago ikuspegia; hautatutako espazioei esanahi eta erabilera berri bat eman nahi zaio. Proiektuak gizarte-kohesioa sustatzen du, belaunaldien arteko harremanak eta aniztasuna bultzatuz, ingurune seguru eta inklusiboak sortzeko.

Maiatzaren 7tik 10era, "Jalgi Hadi Plazara!" taldea Antiguako Jose Maria Sert plazan izango da, 14:00etatik 19:00etara. Hiri-altzari mugikorrak instalatuko dira, eta askotariko jarduerak antolatuko dira, herritarrek elkarri eragiteko eta espazioaz modu libre eta sortzailean gozatzeko aukera izan dezaten. Gainera, asteroko tailerrak, kontzertuak eta erakusketak planifikatuko dira herriko hainbat elkarterekin elkarlanean.

Proiektu honek ez du hiri-arazoen behin betiko konponbidea izan nahi, baizik eta abiapuntu bat hirigintza taktikoari eta gazteek espazio publiko bizi eta dinamikoen sorreran duten parte-hartzeari buruzko hausnarketa kolektiboa egiteko.

Gazteak Auzolanean, zazpi urte gazteen proiektuak bultzatzen

Zazpi urte dira laguntza-poltsa hauek ematen direla, eta urte horietan hainbat taldek beren proiektuak garatu ahal izan dituzte laguntza hauei esker. Ikus-entzunezko film laburrak, musika-proiektuak, zeinu-mintzairaren dibulgazio-saioak, antzerki soziala eta komunitarioa, online hezkuntza-laguntzako proiektuak... Hemen aurreko urteetan garatutako proiektuak ezagutu ditzakezu. Laster izango da eskuragarri 2024ko deialdiari buruzko informazioa.

 

Gazteak Auzolanean

 

 

Jarraitu gure sareak