Atzealdea Gazteek jada beren mugikorretan Gazte-txartela eduki dezakete

Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika Digitala aplikazioa deskargatuz, Gazte-txartela digitala eskuratu daiteke

2023/06/16



Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak iragarri duenez, EAEn bizi diren 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzat abantailak eta deskontuak eskaintzen dituen txartela, Gazte-txartela, eskuragarri dago formatu digitalean.

Orain arte, Euskadin bizi ziren eta 14 urte betetzen zituzten gazteek Eusko Jaurlaritzaren gutun batean jasotzen zuten txartela, formatu fisikoan. Hemendik aurrera, gutun bat jasoko dute, Gazte-txartelaren bertsio digitalaren onuradunak direla jakinarazteko, eta horiek deskargatzeko eta aktibatzeko jarraibideak ere bai.

Aukera berdinak, baina formatu digitalean

Txartelak ohiko abantaila eta deskontuak eskainiko ditu (zozketak, jaialdiak, ikastaroak, museoak, dendak...) eta Nazioarteko Aterpekide-txartela (Hostelling International) barne hartzen jarraituko du ‑mundu osoko aterpetxeetan ostatu hartzeko aukera ematen du‑ eta doako bidaia-asegurua ere mantenduko du.

Gazte-txartela digitala eskuratzeko, 16 urtetik gorakoek Eusko Jaurlaritzak garatu duen “NIK Patrika Digitala” aplikazioa deskargatu beharko dute. Aplikazio hori txartel-zorro birtuala da eta hainbat txartel eta ziurtagiri modu seguruan artxibatzeko aukera ematen du. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, datozen hilabeteetan beste txartel batzuk digitalizatuko dira, hala nola Osakidetzako Osasun Identifikazioko Txartel Digitala, irakasle funtzionarioaren txartela edo Euskadiko Liburutegien sare publikoko txartela, besteak beste. Aplikazio horrek herritarrarekin datuak modu seguruan trukatzea ahalbidetzen duen soluzio bat inplementatzen du.

Euskadin bizi diren eta oraindik Gazte-txartelik ez duten 14 eta 15 urteko gazteek gazteaukeraren webgunetik eskatu eta jaitsi dezakete.

Gazte-txartela digital berriarekin, gazteei hainbat arlotan aukerak eta deskontuak izatea erraztuko zaie, kultura, hezkuntza edota aisialdiko ekintzetan parte har dezaten. Gainera, horren bidez, beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelek eskaintzen dituzten 80.000 abantailak ere eskura daitezke, baita European Youth Card (EYCA) programan parte hartzen duten Europako 38 herrialdeetakoak ere.

 

GAZTE-TXARTELAREN WEBGUNEA

 

 

 

Jarraitu gure sareak