Atzealdea Abian da udako ZuZeu Gaztea Saria lehiaketa

1.000 euroko saria irabaziko du 30 urtetik beherakoek idatzitako artikulu, erreportaje, bidaia kronika edo post onenak

2019/07/17


Urtaro bakoitzean antolatzen den Azkue Fundazioak babestutako ZuZeu Gaztea Saria abian da berriro ere. 30 urtetik beherako gazteek bidali ditzakete artikulu, erreportaje, bidaia-kronika edota post proposamenak uztailetik irailera arte.

Udaberriko saria hutsik gelditu izanak bultzatu du udako deialdirako saria bikoiztea: hortaz, 1.000 euro irabaziko ditu artikulurik onenak, hain zuzen. Nolanahi ere, sariaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte-hartzaileek lan handia egin beharko dute saria jasotzeko. Hori dela-eta, aurkeztutako artikuluek formalki ”bikainak” izan beharko dute, eta testuaz aparteko elementuak oso aintzat hartuko dira: bideoak, argazkiak, podcastak, besteak beste, “Kontakizun modu berriak erabiltzea oso kontutan hartuko baita”.

Lehiaketaren baldintza zehatzak, honakoak dira:

  • Artikuluak originalak beharko dute izan, eta inon argitara gabekoak.
  • Artikulua argitaratzen den unean, egileak 30 urte baino gutxiago dituela erakutsi beharko du.
  • Artikulu edo sarrerak ZUZEUn argitaratu beharko ditu egileak, bertan erregistratu eta WordPress editorea erabiliz.
  • Artikulu edo sarrera bakoitza -betiere 30 urtez azpikoetan- hiru-hilabeteko gainerakoekin lehiatuko da. Neguko sarian, urtarriletik martxora bitarteko sarrerak lehiatuko dira. Berdin udaberrikoan, apiriletik ekaina bitartekoak, udakoan, uztailetik irailera bitartekoak eta udazkenekoan urritik abendura bitartekoak; hilabeteak hasi eta buka kontuan hartuta. (Horretarako, egileak GAZTEA kategoria markatuko du editorean).
  • Egileak erregistratzean emandako benetako izen-abizen eta argazkiz sinatuko du.
  • Taldean edo batek baino gehiagok idatzitako lanak ere argitara daitezke,  baina sinatzaile bakarrari emango dio ZUZEUk saria (lehenengo ageri denari), gero berak behar bezala bana dezan. Nahi bada, artikuluaren amaieran jar daitezke gainerako egileen izenak.
  • Artikulu bakoitzak 300 hitz izango ditu, gutxienez, eta argazki edo ilustrazioren bat ere beharko du, hau ere gutxienez.
  • Lan guztiek Zuzeuren erabilera baldintzak bete beharko dituzte.
  • Argitaratutako artikuluak, ZUZEUko gainerako guztiak bezalaxe, Creative Commons aitortu lizentziapean geratuko dira.
  • Nahi adina artikulu argitara daiteke.

Oinarrien inguruan informazio gehiago hemen aurkituko duzu.