Atzealdea BerdinHezi: hezkidetzarako lehen urratsak txostena argitaratu du EGK-k

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) BerdinHezi: Hezkidetzarako lehen urratsak txostena egin du, euskal gazteriak hezkuntza formalean ematen den hezkidetzari buruz dituen iritzi eta ezagutzak lantzeko.

2019/09/13


Txosten honen bidez, lehenik eta behin, jakin nahi izan da orain arte hezteko baloreak berdintasunean oinarriturikoak izan diren; bigarrenik, gizarteratu nahi izan dira galdetegian eta eztabaida-taldeetan zehaztu ziren etorkizuneko hezkuntza hezkidetzailea lortzeko bidean eman beharreko urratsak.

Txostenean zehar garatzen dira berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko egindako neurrien marko juridiko bat, sexu-genero sistema eta hezkuntza-sistemaren marko teoriko bat, eta egindako galdetegi eta eztabaida-taldeetako emaitzak, eskaera eta proposamen batzuk.

 

Honako hauek dira bildutako eskaera eta proposamen nagusiak:

  • PRESTAKUNTZA: prestakuntza gehiago sortzea, hezkidetzari buruzko ezagutza teorikoak sortzeko, eztabaidak sustatzeko eta edukiak sakontzeko.
  • Hezkidetza ezagutaraztea: ‘Hezkidetza’ hitza gizarteratzea eta beronen esanahia zein den zehaztea; baita definizio eta lanketa bat egitea ere.
  • Komunitateko lanketak egitea: berdintasunean heztearekiko dagoen ardura gizarteari helaraztea. Hezkuntza formalak, hezkuntza-prozesuan eragiten duten beste agente batzuekin harremanean aritzeko.
  • Hezkidetzak gizarte-politiketan garrantzia izatea: Hezkidetza bermatzeko markoa eskain dezaketen legeak badauden arren, genero-ikuspegia hezkuntzan nola txertatzen den aztertzea eta esku-hartzea gizarte-politiketako ildo nagusia izatea.
  • Kanpo espazioen eta material didaktikoaren azterketa eta birmoldaketa: ikastetxeek euren kanpoko espazioen diseinua egitea eta horrek berdintasunerako ekar ditzakeen oztopoak neurtzea.
  • Espazio anitzetako parte-hartzea: hezkidetzari buruzko hitzaldi eta hausnarketa-espazioetan parte hartzea,egiten dena zalantzan jartzeko eta beste pertsonekin ideia eta gatazkak partekatzeko.