Atzealdea Erasmus +: Hizkuntza gutxituei buruzko egitasmoan Euskal Herriko eta Irlandako 32 nerabek parte hartuko dute.

Egitasmo honen helburu nagusia da gazteen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana eta erlazio horri buruzko hausnarketa bultzatzea.

2019/09/24


Zizurkilgo eta Elgoibarko Udalek, elkarlanean, Europa mailako mugikortasun-proiektu hau garatuko dute, hizkuntza gutxituen inguruko sentsibilitatea duten nerabeei zuzenduta.

Gainera, ekimen honetako kide izango dira Donibane Garaziko Lizeo Publikoa eta Galway-ko (Irlanda) Muintearas Teo elkartea ere.

Gazteak eta hizkuntza gutxituei buruzko egitasmo honek, halaber, Erasmus+ markoaren barnean eta Europako beste gazteekin batera garatuz, indarra jarri nahi du kulturartekotasunean ere.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du Gaztematikaren baitan (Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapenerako sarea); eta Eusko Jaularitzak ere diruz lagundu du.

*Zizurkilgo Udalean egindako prentsaurrekoaren irudiak (2019/09/24). Iker Urruzola (Zizurkilgo alkatea) eta Maite Amenabar (Gazteria Zinegotzia).

 

EGONALDIAK

Egitasmoan parte hartuko duten gazteek astebeteko bi egonaldi egingo dituzte: bata Irlandan (Galway-n) urriaren 29tik azaroaren 4ra, eta bestea, Hondarribiko aterpetxean abenduaren 2tik 9ra.

Hondarribian igaroko duten astea egoera soziolinguistikoa hurbilagotik ezagutzeko baliatuko dute.

Baina, aldez aurretik, irailaren 28an egun bateko topaketa bat antolatu dute, Donostian, Euskal Herriko nerabeek elkar ezagutu dezaten.

Truke horietan toki bakoitzeko hizkuntza gutxituaren errealitatea ezagutuko dute eta “Gazteak eta Hizkuntza gutxituak” gaiaren inguruko tailerrak egingo dituzte, herrialde bakoitzeko gazteek beren hizkuntza gutxituarekiko duten harremanari buruzko hausnarketa bultzatuz, hizkuntza gutxituen gaia arlo desberdinetan landu eta sakontzeko: ezagutza orokorra, hezkuntza, kultur kontsumoa, harremanak eta generoa, musika, kultura digitala, kirola…

Behin trukeak bukatuta, 14 eta 16 urte bitarteko nerabeek lanketa berezia egingo dute Zizurkilgo eta Elgoibarko gaztelekuetan eta ikastetxeetan, beren esperientzia zabaldu eta inguruan hizkuntza-ohiturak aldatzen saiatzeko.

 

Trukean parte-hartuko duten Zizurkilgo nerabeak

 

Egitasmoaren webgunea