Atzealdea Eurochild-ek haurren parte-hartzeari buruzko kontsulta bat egingo du

Europako haurren erakundeen sareak ezagutu nahi du neska-mutilek beren parte-hartzeari eta eragiten dieten gaiei buruzko erabakiak hartzeko prozesuari buruz duten iritzia

2020/07/29


Eurochild haurren erakundeen Europako sarea da, eta haurren eskubideak eta ongizatea politika publikoetan txertatzearen alde lan egiten du. 170 elkarte baino gehiagok osatzen dute eta galdetegi bat martxan jarri dute, haur eta nerabeek beren parte-hartzeari buruz dituzten iritzi, esperientzia, ideia eta beharrak jasotzeko.

 

Kontsultarako, neska-mutilen talde bat eratuko da eta online bilerak egingo dituzte irailean zehar. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute irailaren 4a baino lehen, horretarako formularioa betez. Deialdia sare honetako erakundeetan nahiz haur edo nerabeen arloko elkarteetan parte hartzen duten 6tik 17 urtera bitarteko neska-mutilentzat da.

 

Kontsultaren bitartez, haur eta nerabeen esperientziak ezagutu, informazioa jaso, arazoak identifikatu eta zein neurri hartu behar diren aztertu nahi dute, ondoren, jasotako ideia eta proposamenak Europar Batasunari helarazteko. Erantzun galdetegiari hemen!

 

Haur eta nerabeak subjektu aktiboak dira eta haien beharrak, sentimenduak, iritziak eta ikuspegiak kontuan hartu behar dira beti. Antolatzaileen esanetan “erabakiak hartzerakoan haurren ahotsak erdigunean jarri behar dira”. Ildo horretan, gainera, Eurochild-ek “We are here: a child participation toolbox” txostena ere aurkeztu du, haurren parte-hartzea ezarri eta belaunaldien arteko lankidetza sustatzeko tresna interesgarria.