Atzealdea Euskal Kultura Ondarearen bideo-lehiaketa martxan da!

Lanak aurkezteko epea apirilaren 13ra arte luzatuko da

2020/02/11


Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Sailek abian jarri dute Euskal Kultura Ondarea zabaltzeko bideo-lehiaketa. Sariketa honen helburua da, batetik, Euskal Kultura Ondarea zabaltzen, ezagutzen eta baloratzen laguntzea, eta, bestetik, euskal gazteriaren artean ekimena, sormena eta ekintzailetza sustatzea.

Lehiaketan parte hartu dezakete Euskal Hezkuntza Sistemako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek.

Horretarako, gutxienez 3 eta gehienez 6 kidez osaturiko taldeetan banaturik eta tutore baten laguntzarekin, bi bideo-lan egin beharko dituzte; bata making-of erakoa, eta bestea ondare-elementua nabarmentzekoa (euskal ondare materiala edo inmateriala). Piezak, 3 eta 10 minutu artekoak izango dira.

Hiru bideo onenek Napolirako 7 eguneko bidaia irabaziko dute. Taldekide guztiek tutoreak lagunduta bidaiatzeko aukera izango dute eta, Napolin dauden bitartean, bertako gidari baten laguntza izango dute.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 13an bukatuko da eta informazio guztia hemen topa dezakezue.