Gaztezulo XI. Bideo Lehiaketa: izen-ematea irekita!

Bideoak apirilaren 6tik maiatzaren 22ra bitartean aurkeztu behar dira, eta irabazleek 1.200 euroko saria jaso dezakete.

2020/04/01


Hamasei urtetik gorako adina baduzu, eta istorioak irudi bidez kontatzea gustuko baduzu, martxan da berriz ere Gaztezuloren bideo-lehiaketa!

Bakarka zein taldean parte hartu daiteke, gaia libre izanik, nahi den teknika eta estiloa erabilita; eta lanek minutu bat eta hiru artean iraun beharko dute. Edukiak originala izan beharko du eta Gaztezulo aldizkariaren ale bat azaldu beharko da bertan, zeharka zein istorioaren elementu garrantzitsu gisara. Azkenik, lanen hizkuntza euskara izango da.

Parte-hartzaileek Gaztezuloko webgunean dagoen online inprimakia bete beharko dute lehenik, eta bideoaren artxiboa bidali ondoren web@gaztezulo.eus helbidera. Jasotako lanak Gaztezuloren YouTubeko kanalera igoko dira, eta maiatzaren 29ra arte egongo dira ikusgai, ikus-entzuleen botoak jaso ditzaten. Nolanahi ere, lan guztiak ikus-entzunezkoetan iaioa den epaimahai batek baloratuko ditu.

Hiru sari banatuko dira: lehen saria, 1.200 eurokoa, lan onenarentzat; bigarren saria, 300 eurokoa, eta ikusleen saria, Gaztezuloren material sorta, boto eta iruzkin gehien jaso dituen filmarentzat.

Informazio gehiago hemen.