Atzealdea Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza ez-formaleko hezitzaileentzako prestakuntza antolatu du Hik Hasik

Haur Hezkuntzako eta hezkuntza ez formaleko profesionalen prestakuntzan sakontzeko asmoz, haur txikiekin lanean aritzen diren hezitzaileentzako bi urteko prestakuntza eskainiko du Hik Hasi-k, zazpigarrenez. Oraingoan aldaketa batekin: bi ikasturteetarako edo lehen ikasturterako soilik egin ahalko da matrikula.

2019/04/02


Hauexek dira prestakuntzan landuko diren oinarri nagusiak:

ikasturtea - 2019/2020 (0-3 aldia). EMMI PIKLER pediatraren oinarri teorikoa izango da jarraituko den ildo pedagogiko nagusia: ZAINKETAK, MUGIMENDU ASKEA, LOA, PARDEL ALDAKETA, JATORDUAK, SOZIALIZAZIOA, eta abar landuko dira.

ikasturtea - 2020/2021 (0-6 aldia). Hainbat pedagogia berritzaile eta eraldatzaile ezagutuko dira: LORIZ MALAGUZZI eta Reggio Emilia, RUDOLF STEINER eta Waldorf eskola, MARIA MONTESSORI, Pedagogia Sistemikoa, heziketa berdea, REBECA eta MAURICIO WILD...

Ikaslerro bakoitzean, gaian adituak diren Euskal Herriko nahiz kanpoko hezitzaileek emango dute prestakuntza.