Atzealdea Haurrak-Gazteak eta Parte-hartzea jardunaldia Iruñean

Maiatzaren 8an Gipuzkoako eta Nafarroako haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko eta parte-hartzearen arloko hainbat profesional bildu ginen Iruñeko Condestable Jauregian, hiri horretako udalak eta Nafarroako Gobernuak martxan jarri dituzten esperientziak ezagutzeko.

2019/05/15


Gipuzkoako udaletako eta Aldundiko haur eta gazteen sustapeneko eta parte hartzeko 37 profesionalek esperientzia desberdinak ezagutu ahal izan genituen, Nafarroan esparru berean aritzen diren beste profesional batzuekin eztabaidatu eta iritziak partekatzearekin batera.

Jardunaldia bi bloke handitan antolatu zen: lehena, Iruñeko Udalaren esperientziak ezagutzeko eta, bigarren saioa, Nafarroako Gobernuaren praktika batzuk aurkezteko.

Saio edo bloke bakoitzaren ondoren, bertara hurbildu ginenak espazio desberdinetan banatu ginen gehien interesatzen zitzaigun arloari edo esperientziari buruz hitz egin, iritziak partekatu eta gaian sakontzeko.

 

LEHEN BLOKEA: IRUÑEKO UDALAREN ESPERIENTZIAK

Jardunaldiko lehen aurkezpena Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako zinegotzi Mikel Armendarizek eta Partaidetzako teknikari Ana Etxalekuk egin zuten. Haien bitartez, Herritarren Partaidetzarako Araudi berria landu eta onartzeko garatutako partaidetzazko prozesua ezagutu genuen.

ERABAKI PAMPLONA

Garapen Komunitarioko zuzendari Ana Goiak Haur eta Gazteen Prebentziozko Arreta Zerbitzuaren Zentro Komunitarioei buruzko Ordenantza aurkeztu zuen.

 

Eta lehen blokeari, Iruñeko Udalarenari, amaiera emateko, Haurren Arloko teknikari David Sobernanasek Iruñeko Haurren eta Nerabeen I. Udal Plana (2018-2022) lantzen bizitako esperientzia azaldu zuen. Haur eta nerabeen parte-hartzea eta protagonismoa planaren fase guztietan sustatzea zer-nolako erronka izan den azpimarratu zuen.

 

BIGARREN BLOKEA: NAFARROAKO GOBERNUAREN ESPERIENTZIAK

Nafarroako Gobernuko Parte-hartzeko teknikari Isabel Gonzalez arduratu zen bigarren saioko aurkezpenei hasiera emateaz. Haur-politika desberdinak azaldu zituen, besteak beste, haurren parte-hartzea sustatzeko eta haurren adiskide diren hirien sarea zabaltzeko toki-erakundeetan sortu dituzten talde motorrak.

 

Gazteriako zuzendariorde Adela Gonzáleek II. Gazteria Plana aurkeztu zuen, eta Gazteria Behatokiko Daniel Goñi soziologoak partaidetzazko aurrekontuak azaldu zituen.

Amaitzeko, Gazteria Kontseiluko Jose Miguel Garridok Kontseilua eta Gazte Parlamentua azaldu zituen.

Gazteria Kontseilua

Nafarroako Gazte Parlamentua

Azkenik, Iruñeko Udalak legealdian zehar Herritarren Partaidetza eta Gizarte Ahalduntzearen arloan egin duena laburtu zuen bere zuzendari Antso Fernandezek, goizeko saioari amaiera emanez.

Jardunaldia Iruñeako Gazteriaren Etxera bisitarekin amaitu zen arratsaldean.