Atzealdea STEM gidak argitaratu dituzte gazteentzat

Liburu-bilduma bat aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elhuyarrek, gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzeko.

2020/11/17


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elhuyarrek, Euskal Herriko zientziaren eta teknologiaren inguruan diharduten beste zenbait enpresaren eta erakundeetako profesionalen laguntzarekin, liburu-bilduma bat aurkeztu dute gazteak alor horiei lotutako lanbideetarako inspiratzeko. 

 

Aldundiak talentua eta ikaskuntza bultzatzeko izan duen diru-laguntza deialdiaren barruan aukeratutako proiektua da, Elhuyarrek garatua. Azken urteetan, STEM ikasketetan matrikulatu den ikasle-kopuruak nabarmen egin du behera, Eustaten arabera, eta joera hori ez da bateragarria profesionalen eskariarekin, STEM profilen enpresa-eskaria hazi egin baita azken urteotan.

 

Imanol Lasak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak esan duenez, egoera hori aldatzea ezinbestekoa da; izan ere, etorkizuneko lanpostuen % 80en beharrezkoak izango dira STEAM konpetentziak, ezagutza eta kualifikazioa baitira, bere esanetan, etorkizuneko ongizatearen eta lehiakortasunaren giltzarriak.

 

Jon Abrilek, Elhuyarreko zuzendari nagusiak, bizipenen eta komunitatearen garrantzia azpimarratu ditu, eta aipatu du aurkeztutako liburuxkak zientzia- eta teknologia-sare osoaren elkarlanaren emaitza direla.

 

Aitziber Lasak, Elhuyar STEAM hezkuntzako arduradun eta proiektuaren gidariak, hitz egin du Pernan Goñiren ilustrazioez eta azalpen-testuez osatuta dagoen hiru liburuxkako bildumari buruz. Hiru liburuxkak www.zientzia.eus/steam webgunean egongo dira eskuragarri doan deskargatzeko.

 

Amaitzeko, STEAM hezkuntzari buruzko zabalkundea abiatuko dutela aipatu du Aitziber Lasak, beraien sare eta webguneetan. Gainera, STEAM hezkuntzari buruzko albisteak, erreportajeak, adituen elkarrizketak edota bideoak ere ikusgarri egongo dira webgunean.

 

 

Jarraitu gure sareak