Atzealdea

Toki mailan haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko koadernoak aurkeztu ditu UNICEF Españak

Argitalpenak adingabeekin parte-hartze prozesuak abian jartzeko aholkuak, lege-parametroak eta baliabideak biltzen ditu.

2020·10·05


Adingabeek beren eskubideen berri izan behar dute eta, gainera, haien ikuspuntuak adierazteko beren baldintzen araberako aukerak eta espazioak izan behar dituzte (fisikoak, emozionalak, etab.). Toki-mailan antolatzeko aukera izan behar dute, beren ahotsak udal-eremuan entzun daitezen eta tokiko agintariekin proposamenak trukatzeko espazio finkatuak eta iraunkorrak izan ditzaten.

Ekimen honen helburua da haurrek bizitza politikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzeko prozesuan laguntzea; bide horretan, haur eta gazteen parte-hartzearen esparruan biltzen diren lege-alderdiak jasotzen ditu, ekintzarako aholkuak, bai eta komunitateen esperientziak ere, partaidetza-kontseilu autonomikoen formularen bidez.

Kontuan hartzen dira, halaber, online parte hartzeko eskubidea gauzatzearekin lotutako gomendioak, Covid-19k sortutako egoera dela-eta.

 

Parte-hartzea kontzeptu integral gisa

Koadernoak haurren eta nerabeen parte-hartzea nabarmentzen du giza eskubide den aldetik, eta, beraz, honela ulertzen da:

  • Lege-agindua: Haurren Eskubideen Konbentzioak dio haur guztiek dutela eskubidea entzunak izateko eta nahi dutena askatasunez adierazi ahal izateko.
  • Funtsezko faktorea haurren garapen integralean: parte hartzeak babes-, autonomia-, erresilientzia- eta komunikazio-trebetasunak sustatzen ditu. Halaber, ekimena, pentsamendu kritikoa, sormena eta konpromiso- eta erantzukizun-sentimenduak sustatzen ditu.
  • Gobernantza eta gaitasun demokratikoko mekanismoa: parte hartzeko ariketak haurrek rol aktibo erabilgarria izatea dakar; horrela, tolerantzian oinarritutako jokabide demokratikoak hautematen dituzte eta aldaketarako eragile sozial gisa onartzen dute beren burua.

Unicef-ek parte-hartzea babes-esparru batean aurkeztea proposatzen du eta haurren eskubideak bermatzeko proposamenak jasotzen ditu prozesuan laguntzen duen helduarentzat. Funtsezko balioa hartzen dute, besteak beste, berotasun emozionalak, inposaketarik gabeko laguntzak edo errespetuak.

Horiez gain, koadernoan jasota daude adingabeekin lan egiten dutenek politika- edo jokabide-kodeak ezartzean kontuan hartu beharreko hainbat alderdiri buruzko jarraibideak. Haurrek eta nerabeek parte hartzeko prozesuan aritu ahal izateko gutxieneko estandarrak bederatzitan laburbiltzen ditu:

• Gardena eta arduratsua.

• Borondatezkoa.

• Errespetuzkoa.

• Garrantzitsua.

• Adiskidetsua haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin.

• Inklusiboa.

• Helduentzako prestakuntza.

• Babeslea, segurua eta arriskuekiko sentikorra.

• Kontuak ematea.

 

Edozein egoeratan: online parte hartzea

Covid 19ak ohituren aldaketa ekarri du sektore eta adin-talde guztietan. Testuinguru horretan, parte hartzeko eskubideak bere horretan jarraitu behar du, zirkunstantziak alde batera utzita, eta garrantzitsua da zeregin horretan elementu berritzaileak sartzea. Hala nola, aurrez aurreko praktikak eta online praktikak uztartzea.

Azterketak jasotzen duenez, gutxienez 73 tokiko partaidetza-kontseilu aktibo egon dira berrogeialdian, eta 35 alkatek bilera birtualak egin dituzte tokiko partaidetza-kontseiluekin 2020ko martxoa eta ekaina bitartean. Ildo horretan, txostenak online babesa bermatzeko bete beharreko txantiloiak ditu: beharren mapaketa, online plataformetarako sarbidea edo saioen plangintza.

 

Kontsulta ezazu gida

 

 

 

Jarraitu gure sareak