Atzealdea Martxan da Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko udako kanpaina

Aurtengo udan, guztira, 1.431 plaza eskainiko dira Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programetan, eta martxoaren 28ra arte izango dute izena emateko aukera Gipuzkoako haur eta gazteek.

2023/03/20


Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiak aurten ere antolatu ditu bere udako ekintzen programak. Udalekuak eta Gazte Oporraldiak ezagunak dira jada, baina kanpaina horiez gain, Aldundiak hainbat baliabidea jartzen ditu udako astialdiko ekintzen erabiltzaileen eta antolatzaileen eskura: besteak beste, Udabizi plataforma.


 

Udalekuak eta Gazte Oporraldiak

Uda honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira 1.431 plaza eskainiko dizkie Gipuzkoako haur eta gazteei: 1.050 plaza Udalekuak programarekin, 7-13 urteko haurrentzat (2010-2016 urte bitartean jaiotakoentzat) eta 381 plaza Gazte Oporraldietan 14-17 urteko gazteentzat (2006-2009 urteen bitartean jaiotakoak). Plaza horien % 5 hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonentzat izango dira.


 

Gai jakin batzuen inguruan antolatzen diren egonaldi hauen helburu nagusia da Gipuzkoako haur eta gazteei beren astialdia modu aberasgarrian igarotzen laguntzea. Aisialdi hezigarria sustatzea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, ingurune bakoitzeko ohiturak eta kultura-baliabideak ezagutzea edota aisialdiko jardueretako komunikazioetan euskara indartzea dira, besteak beste, udalekuen beste helburuak.

Udalekuak programa hiru foru-aldundiek elkarrekin antolatzen dute eta, beraz, Gipuzkoako haurrek Arabako eta Bizkaikoekin batera biziko dute esperientzia. Gazte Oporraldiak, berriz, Extremadura, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Madril eta Aragoiko autonomia-erkidegoekin, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen direnez, egonaldi batzuetan, parte-hartzaileek leku horietako gazteak ezagutzeko aukera izango dute.

Aurtengo esperientziak uztailaren 1ean hasiko dira eta uztailaren 29an amaituko dira Udalekuak eta abuztuaren 7an Gazte oporraldiak. Izan ere, haurren egonaldi guztiak 7 egunekoak izango dira, baina gazteenak 7, 10, 11 edo 12 egunekoak izan daitezke. Hizkuntzari dagokionez, Udalekuetako txanda batzuk euskaraz izango dira eta beste batzuk eledunak; eta Gazte Oporraldietan, berriz, batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz.

Nolanahi ere, txanda laburragoak edo luzeagoak izan, euskaraz zein elebidunak, leku batean naiz bestean, guztietan mota ezberdinetako ekintzez osaturiko programazioa izango da, hau da, ekintza hezigarriak, esperientzia aberasgarriak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak.

Izena bakarka edo gehienez ere hiru laguneko taldetan eman daiteke, martxoaren 20etik 28ra. Internet bidez, Udako Programen Bulegoan, edo kanpainan parte hartzen duten udal-bulegoetan.

Zozketa jendaurrean eta notario aurrean egingo da, apirilaren 17an. Arratsalde horretatik bertatik jakinaraziko dira emaitzak kanpainan parte hartzen duten bulegoetan eta Interneten. Erreklamazio-epea martxoaren 29etik 30ra izango da. Azkenik, zozketan plaza lortu dutenek apirilaren 18tik apirilaren 26ra bitartean dute behin betiko izena emateko epea.

 

UDABIZI: udako astialdiko eskaintzaren bilatzailea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak UDABIZI bilatzailearen garrantzia azpimarratu nahi du; izan ere, aurreko urtean ia 7.000 bisita jaso zituen. Datu-base horretan biltzen dira Gipuzkoako elkarte, erakunde eta entitate desberdinek antolatutako udako astialdi-eskaintzak (udaleku itxi eta irekiak, kanpamentuak, ikastaroak, etab.) eta baita arlo horretako lan-eskaintzak ere.

Gipuzkoako familia eta nerabe askok tresna horretan topatzen dituzte udan zehar astialdiaren alorrean egin ahal izango dituzten ekintza interesgarriak, batez ere Aldundiko udaleku eta gazte oporraldien zozketaren ondoren.

Ez hori bakarrik, gazte askok Udabizi bilatzailea kontsultatzen dute udan begirale eta zuzendari lanetan aritzeko, praktikak egiteko, etab.. Horientzat ere tresna oso baliagarria da; kontuan hartu behar da Gipuzkoan aisia hezitzailearen arloan mugimendu handia dagoela: lurraldeko gazte asko dira urtero udan astialdiko ekintzetan lan egiten dutenak.

 

Udalekuen webgunea

Gazte Oporraldien webgunea

Udabiziren wengunea

 

 

 

Jarraitu gure sareak