Atzealdea Zumaiako Udalak begiraleak kontratatuko ditu 2019ko udaleku irekietarako

Lehiaketa bidez kontratatuko dira koordinatzaile zein monitoreak, eskaerak martxoaren 13ra arte luzatzen direlarik

2019/02/22


Zumaiako Udaleko Hezkuntza Sailak deia egin du 2019ko uztailean antolatuko diren udaleku irekietarako begiraleak lehiaketa bidez aldi baterako kontratatzeko. Udaleku ireki hauen helburua, 3-12 bitarteko umeei (HH3 eta LH6koentzat, biak barne) gozamen espazio ludikoa eskaintzea da, balio batzuk landuz, hala nola, euskararen sustapena, autonomia pertsonala, berdintasuna eta elkarbizitza, besteak beste.

Hautagaiek zein txandetan parte hartu nahi duten zehaztu beharko dute parte hartzeko eskaera-inprimakian: txanda bakarraren kasuan lan eginez gero, kontratuaren iraupena uztailaren 1etik uztailaren 12 arte (biak barne) edo uztailaren 15etik uztailaren 26ra (biak barne) izango da, edo, bi txanden kasuan lan eginez gero, uztailaren 1tik uztailaren 26 arte (hau barne). Lanaldia, Udalak aipatutako programari aurre egiteko beharrak kontuan izanik ezartzen duena izango da.

Deialdi honetarako bete beharreko baldintza zehatzak honako hauek dira:

  • Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea edukitzea.
  • 18 urte beteta izatea.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza tituluaren jabe izatea.
  • Astialdi begirale titulua: koordinatzaileen kasuan hura ezinbestekoa izango da eta begiraleen kasuan, lehiaketan puntu gehiago lortzeko baliagarria.
  • Funtzioak behar bezala betetzea eragotzi dezakeen gaixotasunik nahiz muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
  • Inolako administrazio publikoaren edo autonomia erkidegoetako konstituzio nahiz estatutu organoen zerbitzutik diziplina-espediente bidez baztertu gabea izatea eta funtzio publikoak betetzeko ezgaituta ez egotea.
  • Natura sexualeko delituengatiko aurrekari penalik ez izatea.

Eskaerak jasotzeko azken eguna martxoaren 13a izango da. Oinarri guztiak ezagutu hemen.