MENDI IBILIAK EGITEA

  • Airea behar dut
  • Haurrekin jarduteko
  • Indartsuago sentitu nahi dut
  • Taldean

Zergatik gustatuko zaizu?

Errutina eta eguneroko kezkak ahaztuko dituzu, eta aire garbi eta freskoa arnastuko duzu. Ibiltzearen onurak areagotuko dituzu, jarduera naturan eginda. ARNASA HARTU naturan eta biziberritu.

Jantzi kirol oinetakoak, eta hasi zure udalerriko ibilbideak eta bidexkak esploratzen, edo ezagutu leku eta paisaia berriak; Gipuzkoan ibilbide ikusgarriak daude. Zeren zain zaude?

Zergatik da ona zuretzat?

Modu egokian eta erregularki egiten badugu eta elikadura osasuntsua gehitzen badiogu, jarduera honek biziberritu eta gaztetu egiten gaituela esan daiteke, eta baita bizitza luzatzen digula ere.

Mendi ibiliak egiteak bihotzeko gaitzak prebenitzen laguntzen du, bihotza aktibatzen duen ariketa aerobikoa baita. Hobeto arnasten duzula nabarituko duzu, zure birika edukiera handituko duelako, eta hezurrak osasuntsuago izango dituzunez, artikulazioetako minak arinduko zaizkizu eta osteoporosia prebenitzea lortuko duzu. Jarduera honi esker, bizkarrean izan ohi diren tentsio muskularrak arintzen dira, eta odoleko glukosa maila nahiz kolesterola murriztu, eta maila osasungarrietan mantentzen dira.

Ongi, seguru eta baikor sentituko zara, tentsio guztiak arinduta eta antsietatea alde batera utzita.

Horrez gainera, jarduera honek gizartekoiagoak, komunikatiboagoak eta asertiboagoak bihurtzen gaitu, eta elkartasuna nahiz laguntasuna sustatzen ditu.

 

Zenbat balio du?

Mendi ibiliak egitea doakoa da! Bideak hor daude, nahi duenak nahi duenean egin ditzan.

Nahiago baduzu jarduera norbaitekin egin eta jende berria ezagutu, talde eta elkarte ugari daude ibilaldiak antolatzen dituztenak doan edo prezio sinboliko batean. Mendi elkarteak oso aukera ona dira. Askok maila guztietara egokitutako irteerak antolatzen dituzte. Ibilbide ikusgarriak ezagutzeko aukera izango duzu.

Turismo aktiboko enpresa askok ere hainbat zailtasun maila eta luzeratako ibilaldi gidatuak eskaintzen dituzte, mendiko gida batek lagunduta egiteko. Prezioak ibilbide motaren eta iraupenaren araberakoak izaten dira.

Zer ekipamendu behar duzu?

Ekipamendua aldatu egiten da ingurunearen, urte sasoiaren eta baldintza meteorologikoen arabera. Dena den, oinarrizko ibilbide bat egiteko hartu kontuan gomendio hauek:

  • Eraman zola gogor eta ez-labaingarria duten oinetako erosoak, oinei euskarri segurua bermatzeko modukoak.
  • Komeni da jantzi transpiragarriak eramatea. Egokiena da zenbait jantzi eramatea, baldintza klimatikoen arabera jantzi edo erantzi ahal izateko. Udan, ezinbestekoak dira eguzkitako betaurrekoak, txanoa eta eguzkitako krema.
  • Erabili zure bizkarrera egokitzen den bizkar zorro eroso bat.
  • Ezinbestekoak ez badira ere, bastoiek belaunei karga kentzea eta gorputz jarrera egokia mantentzea ahalbidetzen dute, eremu zailetan euskarria eskainita.
  • Eraman behar beste ur eta jateko zerbait (fruta, fruitu lehorrak, etab.), orduan behin edo ordu eta erdian behin mokadutxo bat egin ahal izateko; era horretara, deshidratatzea eta zainelduak izatea eragotziko duzu.

Ideiak

Gipuzkoako ibilbide sarea

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoa egituratzen duen bide sare bat sustatzen du.

Esteka

Gipuzkoako ibilbideak

Gipuzkoako bide eta ibilbideen zerrenda.

Esteka
 
Partekatu
Egin dezagun guztiok bat mugimenduarekin
https://gipuzkoa.eus/emakumeokmugimenduan Kopiatu