Arrantza Deba ibaian

Ramon Beitia Osa (Deba, 1924) gazte-gaztetatik angula arrantzalea izan da eta Deba ibaiko angulari gaituenetarikotzat jotzen da.

Honako hau ekartzen digu gogora: Torre baserriko Agustin Aranberri angulari beteranoak behin esan ziola 1925 aldera bere baserritik gertu, hau da, Mutrikun zegoen ibai zatian, iraila eta ekaina bitartean angulak harrapatzen zirela. Handik urte batzuetara, XX. mende erdialdera, angulak azaroa eta apirila bitartean harrapatzen ziren, eta denbora aurrera joan hala arrantza denboraldiaren iraupena, denboraldi bakoitzean harrapatutako kilo kopurua eta arrantza guneak gutxitzen joan dira.

Aspaldi batean angulak Sasiolaraino, Deba ibaiaren bokaletik bost kilometroraino iristen ziren, eta Bekoetxe, Antzuitxa Goikoa, Antzuitxa Bekoa, Lasao, Irurein eta Jauregi baserrietakoak inguruan ibiltzen ziren arrantzan. Gaur egun berriz ia bokaleraino jaitsi behar dira arrantzan egitera.

Ramon ere oroitzen da, angula-sarda handiak igotzen ziren gauetan, ibai behealdean zegoen angulariak, angulak iristen ari zirela ikusterakoan, gainerako kideei garrasi egiten ziela: “badator errua”. Angulak lerro lodietan egiten dute igeri, eta askotan zuhaitz erro edo olagarro tentakuluaren antza izaten dute. Horregatik egiten zien garrasi hori.

Erreferentziak oso zehatzak ez badira ere, esan daiteke Deba ibaian 1930eko hamarkadan 10.000 kg angula harrapatzen zirela denboraldi bakoitzean.  Arrantzaldi batzuk denen oroipenean geratu dira, besteak beste Frantzisko Beitia “Atzaparek” 1915eko Gabon Gauean harrapatutako zazpi arroak (87,50 kg).

Ramon Beitiak ere  normalean angulak egosita saltzen zirela dio. Gerra Zibila baino lehenago, tabako hostoak erosten zituzten eta haiek garbituta tabako ura zeritzona lortzen zuten, angulak hiltzeko erabiltzen zutena. Batzuetan, zuzenean bezeroei saltzen zizkietenean, botila bat tabako ur eramaten zuten arrantza lekura, eta han bertan hiltzen zituzten angulak.

Angula-askan gordetzenAngulak bildu eta angula-askan gordetzen. (Argazkia Javier Carballo).

Benito EtxabeBenito Etxabe, bahe bat eskuan duela (Argazkia Javier Carballo 01/03).