Angulak gure ibaietan

Angula-sardak uda bukaeratik udaberri hasiera arte sartzen dira itsasadarretan, normalean gauez. Itsasadarretatik gora, itsasoko ur korrontearen noranzko berean doaz, ibaiko ur geza topatu arte.  Itsasgoran korronteak indarra galtzen duenean, ibaiertzetara hurbiltzen dira jaisten doan korrontea saihestu eta igotzen jarraitzeko. Ibaiaren ibilgu erdialdera iristean, hau da, ibai urlora, bertan gelditu eta elikatzen hasten dira, gorputza ilundu egiten zaie eta aingira bihurtzen hasten dira.

Ibaietan bizi diren aingirak emeak dira, eta heldutasunera hamar edo hamabi urtera heltzen dira. Itsasadar edo estuarioetan geratzen direnak, berriz, arrak dira eta heldutasunera sei edo zortzi urtera iristen dira.

Emeei ugaltzeko garaia iristen zaienean urdaila atrofiatu eta ugal-organoak garatzen zaizkie. Orduan itsasadar eta estuarioetara jaitsi eta bertan arrekin elkartzen dira,  arrek eta emeek, elkarren artean korapilaturik, mataza antzekoak sortuz.

Uda bukaeran edo udazken hasieran, eztei bidaiari ekiten diote, hau da, Sargazoen itsaso aldera abiatzen dira, eta bidaiak gutxi gorabehera urtebete irauten du. Erruterakoan, eme bakoitzak hamar mila arrautza inguru erruten ditu eta ondoren hil egiten da, horrela bere bizi-zikloa beteaz.