Txalupa motordunak

Arrantza sistema horretarako erabili ziren lehen motordun ontziak txipiroitarakoak izan ziren, 4,80 edo 5 metroko eslora, eta 12 edo 15 ZPko diesel motorra zutenak. Izan ere, potentzia hori nahikoa zen baiak nahi zen abiaduran herrestan eramateko.

XX. mendeko 70eko hamarkadako bukaeran, txipiroitarako ontzi modernoak erosten hasi ziren; hau da, poliester indartuzko eta beira zuntzezko ontziak, 7,5 metroko eslora, 2,30 metroko zabalera eta 1,20 metroko garaierakoak eta 25 eta 40 ZP bitarteko bordabarruko diesel motordunak.

Gaur egun 75, 100 eta baita 125 ZPko diesel motordun ontziak erabiltzen dira.

Urola ibaian angulatarako erabiltzen diren ontziak balioanitzak dira, udaberrian eta udan txipiroia eta beste espezie batzuk arrantzatzeko erabiltzen baitira.

Oria ibaian ere, aipatutako ontzi balioanitzak erabiltzen dira angulak eta txipiroiak harrapatzeko, baina horrez gain ontzi handiagoak ere erabiltzen dira, angulatarako berariazkoak direnak, baita beste forma ugaritako ontziak ere, besteak beste poliesterrarekin estalitako egurrezko kanoa zaharrak, aluminiozko salbamendu-txalupa handiak, legatz-ontziren bat eta abar.

Urolan azalean; hau da, ur azaletik gertu harrapatzen dira angulak, 3 edo 4 metroko kirtena duten 1,40 x 0,90 metroko baia angeluzuzenarekin.  Oria ibaian ur azaletik gertu ere arrantzatzen da, baina ohikoena sakonera handira 7 metroko kirtena duten 1,80 metroko baia borobilekin arrantzatzea da.

Motorrari akoplatutako alternadore batek eragindako potentzia handiko foku batzuekin argitzen dira ontziak.