Arrantza Urola ibaian

Zumaiako San Migel Artadi auzoan dagoen Gorostiaundi baserriko Benito Etxabe Etxabek (1928), txikitatik baratzeko lanak eta angula arrantza aldi berean egin izan ditu.Orain dela urte batzuk arrantza egiteari utzi zion; orain bere semea dabil jardun horretan eta bera etxerako txakolina egiteko mahatsa lantzen entretenitzen da. Horrez gain, berrogeita hamar urte baino gehiago darama Artadiko elizako organo-jole bezala.

Benitok kontatzen digu, hasiera batean angulariak ibai bazterreko baserrietakoak zirela, gero baxurako arrantzaleak ere hasi zirela, eta "gaur egun angulari ugari” dagoela, “baina ez denentzako angularik".

Angulak ibai guztietan sartzen direla uste du, baina “emari handiagokoetan urrunago igotzen dira" eta horregatik Oria, Urola edo Deba ibaietan gehiago harrapatzen dira. Baita ere, dio “angula asko sartzen den” bost edo sei urteko zikloak daudela, eta ondoren angula kopurua gutxitzen joaten dela hurrengo zikloa iritsi arte.

Imanol IkutzaImanol Ikutza, angula haztegi baten ondoan. (Argazkia Javier Carballo 01/03).

Arrantza garai onena urritik martxora bitartekoa dela dio, “ilgoran zortzi egunetan zehar, batzuetan ilbetean, euriteen ondoren eta hego haizea ari duenean”. Urte oparoetan, 15 edo 20 kilo harrapatzen ziren gauero. 1975eko azaroaren 19tik 20rako gauean, 40 kilo arrantzatu zituztela oroitzen du, “gau hartan angulak manifestazioan atera omen ziren…”.

Angula asko arrantzatzen bazituen eta biharamunean ez baziren saltzen, baserrian zeukan porlanezko haztegi batean gordetzen zituen, non iturburu batetik iristen zen ur-lasterra pasatzen zen.

Zumaiako Oikia auzoan dagoen Epiola Azpikoa baserriko Santiago Salegi Alkortak (1928), angulak “umetatik" bere aita Joserekin arrantzatu dituela dio, txanela ainguratuaren sistema erabiliz, eta baia handi bat urpean jarriz eta “txirrika eta jiragora batekin” ur azalera igoz. Orain dela urte batzuk utzi zion arrantzari, eta orain Xanti eta Primitibo semeek jarraitzen diote familiako usadioari.

Angulak Urolan barrena marea gora iristen zen tokiraino iristen ziren, hau da, Oikiako Mantzisidor zubiraino. Han presarekin egiten zuten topo, eta ezin zuten gorago joan, nahiz eta gutxi batzuk hormetako alde hezetatik elkarrekin lotuta presa gainditzea lortzen zuten, eta Errotaberri presara, Urolako bokaletik sei kilometro baino gehiagora dagoena, iritsi arte.

Harrapaketei dagokienez, Xantik gogoratzen du bere aitari entzuna ziola 1920ko hamarkadan “gau batean hirurogeita hamar kilo” arrantzatzera iritsi zirela. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan ohikoa zen "gauero 4 edo 5 kilo harrapatzea, baina gero izan ziren urte batzuk ia ezer harrapatu gabe". Berriz ere, 1970eko hamarkadan harrapaketak areagotu egin ziren, orduan asko arrantzatu zen. "Orduan batzuk asturianoaren arraste sistemarekin arrantzatzen hasi ziren", baina Xantik ez zuen inoiz txalupa motordunarekin arrantzatu.

Baserri gehienetan bezala, berak ere porlanezko haztegi bat zeukan, 1,30 x 0,60 x 0,60 metrokoa, iturburu batetik zetorren ur-korrontearekin, angula biziak merkatuko eskaria altuagoa izan arte bertan izateko. Angula batzuk baratzetako ur-lubakietan gelditzen ziren harrapatuta, "hazi eta aingira bihurtzen ziren".

Angulak hiltzea oso lan garrantzitsua da eta oso ondo egin beharrekoa. “Lehenbizi tabako hostoak zatitzen dira, lehen baserrian bertan landatzen zirenak, eta ontzi batean egosten dira. Lortzen den salda iragazi eta hozten uzten da. Gero angulei gainetik botatzen zaie hiltzeko. Hiltzerakoan barraskiloena bezalako muki edo apar bat botatzen dute, eta horregatik ondo garbitu behar dira ur korronte hotzarekin.

Gero, urez betetako ontzi handi bat jartzen da sutan, eta irakiten hasten denean angulak oso denbora gutxian bertan sartzen dira. Gero, handik atera eta izara baten gainean zabaltzen dira lehortu eta hozteko".

Gipuzkoan tabako hostoak landatzeari utzi zitzaionean, estankoetan erositako tabako txikitua erabiltzen hasi zen.