Arrasteko arrantza sistema

1974an, Urola ibaian angulak harrapatzeko sistema berri bat ezarri zen. Gaur egun, urte hauetan hainbat berrikuntza izan dituen arren, oraindik Urola eta Oria ibaietako arrantza prozedura nagusia da. Deba ibaian, liskar bat edo beste eta eztabaida handi baten ondoren, arrantzaleen gehiengo batek sistema hau ez onartzea erabaki zuen.

Arrasteko arrantza sistemaren bultzatzailea Jose Martinez Fernandez (1933) izan zen, Tapia de Casariegon, Asturiaseko mendebaldeko kostaldean jaioa, eta Zumaian "Joxe asturianoa" izenaz ezagutzen dutena.

Joxek txiki-txikitandik baxurako ontzietan nabigatu zuen, eta aurrerago Asturiastik Zumaiara ikatza garraiatzen zuten kabotai ontzietan hasi zen lanean. Zumaiako emakume bat ezagutu, berarekin ezkondu eta aipatutako herrian geratu zen bizitzen. Txipiroietarako egurrezko motora bat erosi zuen, eta angulak Urolako betiko arrantza sistema erabiliz harrapatzen hasi zen; hau da, motora ibaiertzean ainguratuta eta baia urpean eskuz herrestatuz.

Baina ekimen handia zuenez eta Asturiaseko Ribadeo itsasadarrean erabiltzen ziren sistemak ondo ezagutzen zituenez, bere ontzian arrasteko arrantza egiteko tresna batzuk jarri zituen. Berrikuntza horrek abantaila ugari eta onura handiak ekarri zizkion. Izan ere, ibaian zehar askoz ere azkarrago mugitzen zen eta, ondorioz, denbora gutxiagoan eta askoz ere ahalegin gutxiagorekin angula gehiago harrapatzen zituen. Joxek gogoratzen du nola gauero 25, 30 eta 40 kilo angula harrapatzen zituen.

ontziakOrioko Olatxo baserrian, angulak arraste bidez harrapatzeko ontziak prest. (Argazkia Javier Carballo).

Arraste bidezko angularen arrantzaHorrela ikusi du Julen Zabaletak arraste bidezko angularen arrantza.

Sistema horren onurak ikusita, beste angulari batzuk Joxeren eredua jarraitu eta sistema berria erabiltzen hasi ziren: Urolan, Rafael Unanue, Felix Aizpurua, Xabier Albizu eta abar; Orian, Inacio Zaldua "Herrero", Luis Lertxundi "Uzkun”, “Xixario” Uranga, Jesus Mª Agote, Eizagirre anaiak, “Olatxo” eta abar. Garai hartako arrantza ederrek erakarrita, beste angulari berri asko gehitu zitzaizkien.

Joxe asturianoak 1974an, duela ia hogeita hamar urte  ezarritako arrasteko arrantzak atal eta mekanismoetan nabarmen egin du aurrera. Gailu guztiak banan-bana nolakoak diren azaltzea zailegia izango litzateke, beraz sistema nolakoa den laburki azalduko dugu.

Gaur egun erabiltzen den prozedura, aurrera martxan doan motorrezko ontziak bi baia, bata brankan eta bestea popan, uretan herrestatzen ditu. Baiak nahi den sakoneran jartzen dira eta kirtenak popatik gertu dauden euskarri batzuetan finkatzen dira soka baten bitartez, edo bestela eskuekin eusten dira. Baia bakoitzak bi bibiko ditu sokaz euskarri bati lotuta euskarri horrek uztarri izena du eta ontziaren brankan dago kokatuta. Baiaren bibikora lotuta dagoen beste sokak baia txirrika eta motordun jiragora baten bitartez ur azalera ateratzeko balio du. Behin ur azalean dagoenean angulak harrapatu diren begiratzen da, eta hala bada, angulak askan gordetzen dira.