Zalantzazko hainbat gai

Anguilla rostrata edo aingira amerikarra, kanpotik ikusita behintzat Anguilla anguilla edo aingira europarra bezalakoa da, baina zortzi orno gutxiago ditu. Arrautzak ere Sargazoen itsasoan erruten ditu, baina larbek sei hilabete bakarrik behar dute Amerikako kostaldeko ibaietara iristeko. Ibaiko aingira edo aingira europarrarekin duen antzak zientzialarien teorien artean eztabaida ugari sortu du. Luzaroan espezie berekoak zirela uste izan zen, baina gaur egun bi espezie desberdin direla frogatuta dagoela dirudi.

Biologo, zitologo nahiz ozeanografoek konta ezin hala azterketa eta lan  zientifiko egin dituzte aingiren ugalketaz eta larben migrazioaz. Lehen aipatu ditugun zientzialariez gain, baita ere aipatzekoak dira Gandolfi, Tuker, Lozano Rey eta Giorgio de Bini, besteak beste.

Telesforo de Aranzadi naturalista eta ikerlariak ere gai horri buruzko lan bat egin zuen, 1908an Euskal-Erria aldizkariko LIX alean argitaratu zena.

Artikulua hauxe esaten hasten du: “Duela urte asko, Fernando Mieg, momorro-batzaile eta natur zientzietan katedradunak, lehenbizi Bergaran eta ondoren Bilbon, esperimentalki angulak aingiren kumeak direla frogatu zuen, azkenean aingira bihurtzen bukatzen dutelako...”.

Beste paragrafo batean ondorengo datuak ematen ditu: “Emeen sexua lehen aldiz 1777an antzeman zen, Mondini italiarraren eskutik, baina arren sexua ez zen 1874 arte antzeman, Syrski austriarraren eskutik...".

Aingiren ezaugarriak eta portaera deskribatzen jarraitzen du: Bizkaiko golkora, San Jorje kanalera edo Bristolgo kanalera hurbiltzen dira.

Orain arte egindako teoria eta aurkikuntza zientifiko gehienak onartuta eta frogatuta daude, baina oraindik zalantzazko hainbat gai daude, oraindik egiaztatzeke.