Etorkizunari begira

Angulari batzuek angulak desagertzen ari direla diote, urtero gutxiago harrapatzen direla eta arrantza mota hau noizbait desagertuko dela. Beste angulari batzuek ordea, angularen migrazioa ziklikoa dela diote, eta eskasi urte batzuen ondoren urte oparoak iristen direla.

Joakin Lertxundik ez du uste angulak desagertzen ari direnik, baizik eta urte batzuez behin arrantza edo oparotasun zikloak daudela.  Eta oroitzen du krisi garai batean, Pikabea "Ezpaldiberrik”, Aginagako 74 urteko arrantzale beterano batek, esan ziola betidanik arrantza eskasia eta oparotasun garaiak ezagutu zituela. Joakinek adibidetzat hauxe jartzen du: 2003. urtean arrantza oso eskasa izan zen, eta 1999. urtean berriz gau bakar batean 18 eta 20 kilo harrapatzera iritsi ziren.

Pixka bat aldatu den gauza bakarra kostera garaia dela dio, hau da, arrantza garaiaren hasiera eta bukaera. Joakinek gogoan du aspaldi esaten zela: “Sanpraixkutan angulak” (San Frantziskotan angulak).  Aginagako zaindariaren jaiak urriaren 4an dira, Asisko San Frantziskoren egunean. Gaur egun kostera abendu inguruan hasi eta martxoan bukatzen da.

Guk ez dugu gai honi buruz iritzi garbirik, baina baikorrak gara eta angulak gure ibaietara itzuliko direla diotenen iritzia egia izatea espero dugu.