Arrantza aparagailuak eta tresnak

XIX. mendeaz geroztik hainbat sistema ezberdin erabili dira gure ibaietan angulak edo txitxardinak arrantzatzeko. Bi arrantza mota daude nagusiki: ontzikoa eta lehorrekoa.

Ontziko arrantzan ere bi mota ezberdin nagusitzen dira: ontzia ainguratuta dagoela edo ontzia martxan dagoela arrantzatzea.

Motordun ontzi bidezko arrasteko arrantza Urola ibaian 1974an ezarri  zen; berehala, Oria ibaira ere zabaldu zen, baina Deba ibaian ez zen onartu. Arrantza mota berriak betiko prozeduren eta sistema modernoen arteko inflexio-puntua ezarri zuen.

Lehorreko arrantzaleak kai, malekoi eta nasa edo kalalekuetan jartzen dira. Kalaleku edo kalatokiak ibaiertzetan bertatik arrantza egiteko apropos eraikitako harri-lubeta txiki batzuk dira. Haiek erabiltzeko eskubideak marinako laguntzaile-bulegoetan erregistratzen ziren eta gurasoengandik seme-alabengana pasatzen ziren.

Ahal den eta xehetasun handienaz deskribatzen saiatuko gara zein tresna erabiltzen ziren, bai lehen, baita gaur egun ere (2003 urtea), Deba (Deba), Urola (Zumaia) eta Oria (Orio eta Usurbilgo Aginaga auzoa) ibaietan, Gipuzkoan angula arrantzan tradizio handiena duten ibaiak baitira.

Funtsean, arrantza tresna edo aparailuak oso antzekoak dira, baina ibai bakoitzekoek aparteko ezaugarriak dituzte eta gainera garatzen joan dira, bai forman, baita erabilitako materialetan ere.

Ibaiertzeko baserriJulen Zabaletaren marrazkia. Ibaiertzeko baserri baten fatxada, baheak bertan jarrita, gaua noiz iritsiko zain.