Atzealdea Elkarrizketa: STEAM: GENEROA ETA TEKNOLOGIA

Ikasketak aukeratzeko garaian oraindik ere genero-rol tradizionalek indar handia dute. Deustuko Unibertsitateak Inspira proiektuan lanean dihardu bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatu asmoz, batez ere nesken artean.

2018/05/15


 

STEAM: GENEROA ETA TEKNOLOGIA

Martxoan hasi eta apirilera arte, Kultura Digitalaren Astea ospatu da Gipuzkoako hainbat herritan. Adin guztietako pertsonentzako tailer desberdinak antolatu dira, horien artean, haur eta familientzako Steam: generoa eta teknologia.

Deustuko Unibertsitateko ingenieritza fakultateko lankideekin solasean aritu gara emakume eta neska gazteek zientzia, teknologia, programazioa, mekanika eta beste hainbat alorretan duten presentzia eta protagonismo urriaren inguruan.

EMAKUMEAK ETA ZIENTZIA-ARLOAK

Estatuan, 2017an, unibertsitatean ingeniaritza- eta arkitektura-arloak aukeratu dituztenen artean % 25 dira emakumeak (iturria: Emakumearen Institutua). Zientzia, teknologia, programazioa, mekanika eta beste hainbat alorretan ere emakumeen parte-hartzearen datuak oso baxuak dira.

  • Euskal Autonomia Erkidegoan ere errepikatzen dira datu horiek, urtetako joeraren ondorioz. Zein izan da bilakaera?

Datuek erakusten dute ikasketa zientifiko eta teknologikoen arloko matrikulazioak beste adar batzuetakoak baino baxuagoak direla, eta ingeniaritza eta arkitekturako adarreko joera beherakoa dela.

Adar zientifiko eta teknologikoetan matrikulatu diren emakumeen portzentajeari erreparatzen badiogu, datuak ez doaz hobera. Beherako joera dute ingeniaritza eta arkitekturako adarreko ikasketek estatu mailan eta apur bat hobetzen dira EAEn azken urteetan. Hala ere, 2008tik ez dute, guztira, % 28ko langa gainditu.

  • Zein datu nabarmenduko zenituzkete?

EAEko erdi eta goi mailako heziketa-zikloetan, emakume gutxien duten heziketa-zikloak (% 15 baino gutxiago) elektrizitate eta elektronikakoa, informatika eta komunikazioetakoa eta fabrikazio mekanikokoa dira. Kopuruak alderantzikatu egiten dira irudi pertsonaleko, gizarte- eta kultur zerbitzuetako eta komunitateko zerbitzuetako, eta ehungintza, jantzigintza eta larrukoetan (% 80 dira emakumeak) (iturria: 2016ko zenbakien txostena – Emakunde).

Deustuko Unibertsitatean ikusten dugu Ingeniaritza Fakultatean joera berdinari eutsi diotela matrikulazioek azken urteetan (emakumeen kopurua % 20-25 bitartekoa). Emakume-portzentajerik handieneko graduak (% 40 ingurukoak) Industria Antolaketako Ingeniaritzakoak dira eta 2015-2016 ikasturtean eskaintzen hasi zen Industria Diseinuko Ingeniaritzako gradu berrikoak (iturria: Deustuko Unibertsitatea).

 

GENERO-ROL TRADIZIONALAK

Azken urteotan, esparru honetan ere, lan handia egiten ari da genero-rol tradizionalak aldatzeko. Azaldu zuen proiektua: zein testuingurutan hasi zineten lanean, non jarri dituzue indarrak, zein dira oraindik ahulguneak...?

Kultura Digitalaren Astean parte hartzeko motibazioa sortu digun Deusto LearningLab-eko proiektuetariko bat Inspira proiektua da. Horren bidez, bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko lanean ari gara, batez ere nesken artean. Proiektua sortu zen neskak ahaldundu behar zirela ikusten genuelako, etorkizuna aukeratzeko orduan askatasunez joka dezaten.

Badirudi datuak aldatzen ari direla zenbait arlotan…

Gaur egun, gizarteak aldaketa bizi du esparru horretan eta asko dira gai horren inguruan sortzen ari diren ekimenak. Begien aurrean agertzen ari da emakumeen papera esparru askotan. Hala ere, bide luzea dago oraindik egiteko, eta gizartearen erantzukizuna da hori kontuan hartuta jokatzea eta emakumeen eta gizonen eskubide, aukera eta erantzukizun aldetiko berdintasun-egoerak sustatzen ez dituztenak aldatzea.

Emakume erreferenteak izan badira, baina horiek ikusgai egiteko beharra aipatzen duzue zuen tailerretan.

Horixe da, hain zuzen, Inspira proiektuaren gako nagusietariko bat, aukera ematen baitie proiektuan parte hartzen duten neskei, zientzia eta teknologia munduko hurbileko eta benetako emakumeen erreferenteak ezagutzeko. Bide bat da erakusteko, eurek nahi badute, horrelako emakume izatera iritsi daitezkeela, emakume horien lana begien aurrean erakutsi eta merezi duen balioa emanda.

HAURRAK ETA NERABEAK ERE AHALDUNDU HAIEN ETORKIZUNA AUKERATZEKO:

Nola hasi daitezke tutore/gurasoak aldaketa edo bide horretan lanean? Eta haur/nerabeekin lana egiten duten profesionalak?

Lehenengo pausoa ohiko genero rolen kontzientzia hartzea da. Abiapuntu horretatik, asko alda ditzakegu gure eguneroko praktikak. Neskatilek eta neska gazteek etorkizuna askatasunez aukeratzeko erabakia har dezaten ahalduntzeko, neskek aukera izan beharko lukete inguruan zer aukera dagoen ezagutzeko. Oso garrantzi handikoa da neska gazte horiek zer erreferente duten inguruan jakitea, pertsona horiek baitira inspirazio-iturri eta ahalduntze-prozesua elikatzen dutenak.

KULTURA DIGITALAREN SUSTAPENA

Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat ekimen egiten ari da kultura digitala sustatzeko: Instant1ean, udaleku teknologikoak, Kultura Digitalaren Astea, etab. Zuek azken honetan parte hartu duzue, hain zuen, (familia, nerabe, gazte, guraso eta profesionalentzako) tailerrak eskainiz. Zer deritzozue erakunde publikoak Kultura Digitalaren Astea bezalako ekimenak egiteari?

Gaitasun eta trebetasun horiek garatzen laguntzen eta sustatzen dituzten ekimenak oso beharrezkoak dira eta aukera handia bertan parte hartzen duten pertsonentzat.